Teknologia -

Apple nobedadeak

Applek iOS 10 eta MacOS Sierra sistema eragile berriak aurkeztu ditu

Apple konpainia teknologikoak WWDC 2016 konferentzian aurkeztu dituen bi sistema eragileetan, Siri laguntzaile pertsonala izango da protagonista nagusia.

Apple
Apple
Apple

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Applek sakelako telefonoetarako iOS 10 sistema eragile berria, eta ordenagailuetarako MacOS Sierra sistema eragile berria aurkeztu ditu astelehen honetan.

Konpainia teknologikoak modu ofizialean aurkeztu ditu urtero San Frantziskon (AEB) egiten den WWDC 2016 konferentzian, eta bertan iragarri dutenez, sistema eragile berriek Siri laguntzaile pertsonala izango dute protagonista.

Nobedade handienen artean Apple konpainiak egin duen estrategia aldaketa izan da, izan ere, bereak ez diren beste garatzaile batzuengana irekitzen ari da apurka bada ere.

Applek orain arte, Siri laguntzaile pertsonala bere aplikazioentzat soilik zeukan erabilgarri. Oraindik aurrera, Siriren funtzioak beste garatzaile batzuek egindako aplikazioetan ere erabilgarri izango dira.

Bestalde, Apple Music app-aren eguneraketa integrala aipatu behar da. Besteak beste, streaming bidezko musika zerbitzua sinplifikatu egingo da eta, diseinu erakargarriagoa ere izango du.

Azkenik, QuickType, hitzak iradokitzen dituen zerbitzuak,  iradokizun zehatzagoak eskainiko ditu aurrerantzean eta, argazkien App-ak ere hobekuntza handiak ekarriko ditu, batez ere, irudiak sailkatzerako orduan.

Siri

Applen laguntzaile pertsonala aplikazio garatzaileen esku egongo da lehenengo aldiz. Siri-ren lehiakide zuzenak diren, Amazonen Alexa, Microsoften Cortana eta Googlen aplikazioek aldiz, aspaldi daude garatzaileentzako erabilgarri eta beraz, Apple baino aurreratuago daude.

Oren Etzioni, inteligentzia artifizialean espezializatuta dagoen Allen institutuko zuzendariaren arabera, “Sirik jada bost urte ditu eta oraindik, besteekin nola jolastu behar den ikasten ari da”. Etzioniren arabera, Applek beharbada berduegi hartu du Siri irekitzeko erabakia.

MacOS Sierra

MacOs Sierra izango da Applen ordenagailuetako sistema eragilearen izen berria.

Azpimarratzeko nobedadeen artean, Siri ordenagailuetan  ere integratuko dela aipatu behar da.

Bestalde, dokumentuak lainoan doainik gordetzeko ahalmena 20GBtik 150GBra pasatuko da, izan ere, oraindik aurrera, erabilera gutxi ematen zaien dokumentuak lainoan gordeko dira automatikoki ordenagailuaren gaitasuna handitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Gaurko azken orduko albistea