Teknologia -
Internet
Whatsapp Gold, sare sozialen bidez zabaltzen ari den beste iruzur bat
Whatsapp Goldek ezaugarri bereziak agintzen ditu, baina deskarga egiterakoan gure dispositiboa artxibo gaiztoekin kutsatzea baino ez dugu lortzen.
eitb.eus
WhatsApp Gold ez da pertsona ospetsuek bakarrik erabil dezaketen bertsio bat, datu pertsonalak lapurtzea bilatzen duen iruzur berri bat baizik, zenbait komunikabide digitalek ohartarazi dutenez.
“Hey azkenean Whatsapp Gold bertsio sekretua filtratu da. Bertsio hau pertsona oso ospetsuek erabiltzen dute soilik. Orain, ostera, guztiek erabili dezakegu”. Mezu hori sare sozialetan ikaragarri zabaltzen ari da azken egunetan.
Premisa barregarria ematen du, baina honezkero bat baino gehiago tranpan erori da. WhatsApp Gold mezu mota horien bidez “banatzen” ari dira.
Whatsapp Goldek ezaugarri bereziak agintzen ditu, bideo-deiak, oker bidalitako mezuak ezabatzeko aukera, gai berriak edo aldi berean 100 argazki bidaltzeko aukera, esaterako. Baina deskarga egiterakoan gure dispositiboa artxibo gaiztoekin kutsatzea baino ez dugu lortzen. Gainera, gure telefonoaren datu garrantzitsuak lapurtuko dituzte.
Software gaiztoa
Hala, baimenik ez duten programa mota horien instalazioarekin, mugikorra software gaiztoarekin kutsatzen dela ohartarazi du konpainiak. Ondorioz, informazio pribatua babesik gabe geratzen da eta inolako baimenik gabe hirugarren bati bidali diezaiokete.
Hala ere, dagoeneko instalatu baldin baduzu, ez kezkatu; komenigarriena aplikazioa berehala ezabatzea litzateke, aplikazio guztiak eguneratu, segurtasun baimenak egiaztatu eta ezagutzen ez duzun aplikazioren bat oraindik dispositiboan dagoen konprobatu beharko zenuke.