Teknologia -
Sare soziala
Instagramek logoa aldatu du, 'hipster' kutsua atzean utzita
Argazki kamera zahar bat zuen logo, baina orain koloretsuago bat jarri du horren ordez.
eitb.eus
Instagram sare sozial ospetsuak irudi berria du, aldatu egin baititu logoa, kolore korporatiboa eta hainbat ikono.
Hori horrela, argazkiak partekatzeko sare sozialak kamera marroiaren ikono klasikoa kendu du, eta kamera koloretsuago eta abstraktu bat jarri du horren ordez. Vintage kutsua atzean utzi, eta irudi modernoagoa emateko saiakera dirudi.
Gainera, Hyperlapse, Boomerang eta Layout ikonoak ere aldatu dituzte.
Logo berriak hautsak harrotu ditu sare sozialetan, erabiltzaileek lehengoa nahiago dutelako. Horren ildotik, Ian Spalter Instagrameko diseinatzaile buruak azaldu du komunitatearen "iragana, oraina eta etorkizuna" islatu nahi izan dituztela.
Instagramek (Facebookena da) 400 milioi erabiltzaile ditu egun, eta, horrenbestez, Twitter baino handiagoa da, sare sozial horrek 320 milioi baititu.
Egunero, 80 milioi argazki eta bideo partekatzen dituzte bertan.