Teknologia -
Segurtasuna
WhatsAppek bere erabiltzaileen elkarrizketa guztiak blindatuko ditu
Mezuak bidaltzeko aplikazio honek "muturretik muturrera" zifratzeko modua erabiliko du zerbitzu guztietan. Orain arte, erabiltzaile batetik beste batentzako testuko mezuak bakarrik zeuden zifratuta.
Agentziak | Erredakzioa
WhatsAppek, mezuak unean-unean bidaltzeko eta jasotzeko milioika lagunek erabiltzen duten zerbitzuak (mila milioi erabiltzaile ditu nazioarteko mailan), erabiltzaile guztiei eta zerbitzu guztietan izango du, hemendik aurrera "muturretik muturrera" izeneko mezuak zifratzeko modua. Orain arte, erabiltzaile batetik beste batentzako testuko mezuak bakarrik zeuden zifratuta.
Teknologia honek bermatzen du bakarrik igorleak eta jasotzaileak irakurri ahal dutela elkarrizketa, eta ez beste inork, WhatsAppek berak ere ez. Hemendik aurrera, bada, taldeen elkarrizketetan, deietan eta partekatuta artxiboetan ere egongo da martxan.
Mezuek "giltzarrapo" moduko bat daramate, eta berori irekitzeko kodea ala giltza elkarrizketan parte hartzen dutenek izango dute; hala eman du jakitera enpresak, agiri batean.
Presio handia negozioan, beste plataforma batzuen aldetik
WhatsAppen erabaki hau aurreikusten zuten adituak; izan ere, beste telekomunikazio-plataforma batzuk sendo datoz atzetik, eta segurtasun handiagoa dute; Telegram da adibide bat.
Gainera, WhatsAppek babesa eman dio Apple konpainiari, gainerako teknologia-enpresa handiek egin duten bezala, berriki jazotako gertakaria batean, alegia, San Bernardinoko tiroketaren egilearen zifratutako mugikorraren auzian. FBIk Syed Farroken mugikorra desblokeatu nahi zuen, baina Apple ez zegoen ados, datuak pribatuak zirelakoan.
Teknologia-segurtasunaren gaineko eztabaida
WhatsAppek iragarritakoak eztabaida indartu du, mundu mailan, telekomunikazioen segurtasunaren gainean. San Bernardinon jazotakoaz haratago (nazioarteko eragina izan du horrek, zeren eta FBIk erakutsi baitu lehia irabazi duela; mugikorra laguntzarik gabe desblokeatu zuen), oraingo debatea da ea enpresa teknologikoek benetan bermatzerik duten segurtasuna, asko babesten dutela dioten arren.
"FBIk munduari bota dion mezua da segurtasuna ez dela hain gogorra", zehaztu du Thiberreko zuzendariorde Enrique Fojonek, Elcano Institutuak berriki argitaratutako txosten batean (segurtasuna Sarean jorratzen du txosten horrek).
FBIk Syed Farooken mugikorrerako sarbidea izatea (ustez, Israelgo enpresa batek bideratu du sarrera hori), arazoa da Apple konpainiarentzat, bai eta gainerako teknologia-enpresentzako abisua ere: "Segurtasun-sistemak eztabaidan egon litezke", dio adituak.