Teknologia -
Lehia sektorean
Facebookek eta Myspacek lekua kendu diote Bebo sare sozialari
Orain dela bi urte 850 milioi dolarretan erosi zuen sarea saldu ala itxi nahi du AOL taldeak. Egun 12,8 milioi erabiltzaile ditu eta Facebookek, aldiz, 462 milioi.
Erredakzioa
Nork bere aldia egin du Bebok. Orain dela bi urte 850 milioi dolarretan erosi zuen sarea salgai jartzeko ala ixteko asmoa du AOLk, Interneteko talde iparamerikarrak barne ohar batean aditzera eman duenez.
Sektorean nagusi den lehia biziagatik eta "Time Warner" talde mediatikotik abenduan bereiztu izanagatik, AOLk ezin du "diru gehiago inbertitu" Bebon. 2008ko martxoan bi britaniarrei erosi zien sarea AOLk.
Orduan, 40 milioi erabiltzaile zituen Bebok eta Erresuma Batuko sare erabilienetakoa zen. Gainera, lehen sare soziala zen Irlandan eta Zeelanda Berrian, eta Facebook eta MySpace sareen ondoren, hirugarren erabiliena zen Ameriketako Estatu Batuetan, AOLren arabera.
comScore webguneko datuen arabera, egun Facebookek 462 milioi erabiltzaile ditu hilean eta Bebok, berriz, 12,8 milioi ditu.