Teknologia -
AEBko merkatua
Googlek aurrea hartu dio Appleri AEBko enpresa baliotsuenen zerrendan
Interneteko konpainia handiak gorantz egin du azken urtean, batez ere, eskuko telefonoetarako publizitate salmentak handitu dituelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alphabet konpainiak, Google Inc zenak, lehendabiziko postua kendu zion atzo Apple etxeari AEBko merkatuko enpresa baliotsuenen zerrendan. Azken lau urteetan Apple etxeak bete du postu hori.
Hala, Alphabet teknologia enpresak orain arte Applek zuen tokia hartu du. 2010ean Microsoft Corp konpainiari aurrea hartu zion eta, bi hamarkada lehenago, antzerako zerbait gertatu zen International Business Machines Corp (IBM) konpainiaren eta Microsoften artean.
Alphabeten akzioek gora egin zuten atzo eta, guztira, 554.000 milioi dolarreko balioa dute. Apple etxearen akzioek, berriz, 534.000 milioi dolarreko balioa dute.
Ofizialki gaur, AEBko merkatuak irekitzen dituztenean, hartuko dio aurrea Alphabetek Appleri, beti ere, akzioek maila berean kotizatzen jarraitzen badute.
Interneteko konpainia handiak gorantz egin du azken urtean, batez ere, eskuko telefonoetarako publizitate salmentak handitu dituelako; aitzitik, Apple konpainiak iPhone telefonoaren eskaeran izandako jaitsierari egin behar izan dio aurre, Txinako merkatuan bereziki.