Teknologia -
Sare sozialak
Adio Fotologi, Instagramen 'aitona' zenari
Erabiltzaile falta omen dago desagertzearen atzean. Duela 14 urte sortu zuten, eta Facebook, MySpace eta tankerakoen aitzindari izan zen.
Eider Garaikoetxea | eitb.eus
Agur, Fotolog, agur! Hala esan beharko diogu 2002an sortutako "dinosauro digital" eta Instagram edo Pinterest sare sozialen "aitonari". Izan ere, asteon saretik desagertu da: webgunea jausita dago urtarrilaren 4tik, eta ostegunetik, ezin da aplikazioa deskargatu.
14 urteko ibilbideari, 20 milioi erabiltzaile pasatxori eta milioika argazkiri ere agur esatea suposatuko du itxierak, HiMedia sare sozialaren jabeak kontrakorik iragartzen ez duen bitartean behintzat. Izan ere, desagertzea ez dute ofizialki iragarri; funtzionatzeari utzi dio, bestelako azalpenik eman gabe.
Erabiltzaile falta egon liteke itxieraren atzean. Asko izan dira Fotologetik Instagramera joan diren erabiltzaileak, eta garai batean izandako arrakasta eta xarma galdua zuela zioten beste batzuek.
Dena dela, belaunaldi oso bat umezurtz utzi du Fotologek. Sortu zenean, iraultza suposatu zuen, argazkiari protagonismoa ematea ekarri zuelako. Izatez, bloga zen Fotolog, baina argazki bat eransteko aukera ematen zuen sarrera edo titular gisa. Hego Amerikan jarraitzaile ugari izan zituen, eta dozenaka kopia sortu zituzten Argentinan, Txilen eta Brasilen, esaterako.
Agurra, Twitterren
Belaunaldi gazteentzat ezezaguna izango den arren, "zaharragoek" faltan botako dute Fotolog. Twitterren euskal komunitateak botatako txio hauek dira horren adibide: