Teknologia -
Ekitaldia Bilbon
Sherpak iPhonentzako bertsioa aurkeztu du, Stephen Wozniakekin batera
Appleko kofundatzaileak parte hartu du aurkezpen ekitaldian, Bilbon. Bideokonferentziaz hitz egin du.
eitb.eus
Stephen Wozniak, Steve Jobsekin batera Apple sortu zuen ingeniaria, teknologia berrien alde agertu da, gizakien arteko harremanak interesgarriagoak izatea ahalbidetu dutelako. Izan ere, "aurrez aurrekoa" galdu daitekeen arren, posible egiten dute interes berdinak dituzten pertsonak konektatzea.
Wozniakek bideokonferentziaz hitz egin du gaur, Sherpa Xabi Uribe-Etxeberria euskal enpresaburuak sortutako aplikazioak Bilbon antolatutako ekimen batean.
Ekitaldi horretan, Sherpa dagoneko iPhonentzat eskuragarri dagoela iragarri du Uribe-Etxeberriak. Gainera, akordioa sinatu du Samsungekin, urte bukaerarako aplikazioa Samsung Gear S2 sakelako telefono adimendunean ere egoteko.
Bilbon egindako ekitaldian, Stephen Wozniakek eta John Sculley Appleko CEO ohiak hitz egin dute, bideokonferentziaz.
Wozniak Bilbora etortzekoa zen, baina, osasun arazo bat tarteko, ezin izan da bertaratu. Azkenean, AEBtik eskaini du hitzaldia. Horretan, Sherpak eta tankera horretako aplikazioek "egunerokoa errazten" dutela adierazi du Appleko kofundatzaileak, eta "aldaketa soziologiko onak" ekarriko dituztela gaineratu du.
Sherpa Next aplikazioak erabiltzailearen ohiturak aztertzen ditu (bilaketak, Interneteko jarduera…), eta, horrela, horren beharrak aurreikusteko gauza ei da. Adibidez, erabiltzailearen zaletasunak jakinda, asteburuan egiteko planak proposa ditzake.
Gainera, galderei erantzuteko gai ei da. Adibidez, "zer ordutan jokatuko du Athleticek? Zenbat biztanle daude New Yorken? Non jaio zen Steve Jobs?".