Teknologia -
Mozkin historikoa
Enpresen historian etekinik handiena lortu du Apple konpainiak
ExxonMobil petrolio-enpresak zuen errekorra, 2008an 42.200 milioi dolarreko mozkinak eskuratu baitzituen. Teknologiaren erraldoiak, ordea, 53.840 milioi dolarreko etekina lortu du aurten.
eitb.eus
Duela zazpi urte ExxonMobile petrolio-konpainiak ezarritako errekorra hautsi du Applek, eta munduko enpresarik errentagarriena da. Komunikabide batzuek emandako datuen arabera, enpresen historian inoizko etekinik handiena lortu du erraldoi teknologikoak: 53.840 milioi dolar. Txinari esker, iaz baino % 36 gehiago irabazi du Applek.
Azken hiruhilekoan Appleren salmentek (48 milioi iPhone, besteak beste) izugarri handitu dituzte irabaziak. ExxonMobilek zuen errekorra, 2008an 45.200 milioi dolarreko etekina lortu baitzituen, baina Applek hobetu egin du marka.
Horren urte fiskalaren laugarren hiruhilekoan, 11.100 milioi dolarretik gorako etekin historikoa izan duela iragarri du Applek. Hiruhileko horretan, 51.500 dolarreko salmentak izan ditu konpainia teknologikoak, eta 10.000 milioi euro baino gehiagoko mozkin garbia.
iPhone sakelakoen salmentek, gora
Applek agiri baten bidez azaldu duenez, iPhone sakelakoen salmentek emaitzak ikaragarri hobetu dituzte. Apple watchen erabilgarritasun zabalagoak ere lagundu du datu horiek eskuratzen, konpainiaren arabera. Mac eta zerbitzuen salmentek marka historikoa jarri dutela goraipatu du erraldoiak. Salmenten % 62 Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo egin dituztela nabarmendu du.
2015a konpainiaren historiako urterik “onena” izan dela azpimarratu du Tim Cook Apple etxeko kontseilari delegatuak, eta salmentak % 28 hazi direla goraipatu du.