Teknologia -

Twitter

Twitter sare sozialak .eus domeinura egin du jauzi

Gainera, euskaraz idatzitako txioak identifikatuko ditu laster, PuntuEUS Fundazioarekin adostutako lankidetzari esker.

Argazkia: .eus domeinua
Twitter.
Argazkia: .eus domeinua

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Twitter sare sozialak jauzi egin du .eus domeinura eta, gainera, euskaraz idatzitako txioak identifikatuko ditu laster, PuntuEUS Fundazioarekin hitzartutako lankidetzari esker.

PuntuEUS Fundazioak jakinarazi duenez, gaur egun Twitterrek ez du euskara ezagutzen, interfazea euskaraz izan arren. PuntuEUS Fundazioarekin adostuta, hori konpontzeko lanean ari da Twitter, eta, laster, euskaraz idatzitako txioak identifikatuko ditu. Horretarako, CodeSyntax enpresaren laguntza izan dute PuntuEUS Fundazioak eta sare sozialak.

Erabiltzaileen eskariz, Twitter sare sozialak euskarazko bertsioa argitaratu zuen 2012an, eta, harrezkero, interfazea euskaraz erabiltzeko aukera dago. UMAP webguneak txiolari euskaldunen jarduna jasotzen eta iragazten du eta, horren arabera, azken hilabetean, maiatzean, euskara erabiltzen duten 7.569 erabiltzaile aktibo izan dira orotara. Idatzitako txioei dagokienez, berriz, komunitateko erabiltzaile aktibo horiek 653.108 txio bidali dituzte, haien %50,70 euskaraz; alegia, egunero 10.682,13 euskarazko txio argitaratu dira, batez beste.

.eus domeinua euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Haren helburua euskara eta euskal kultura sustatzea eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea da. .eus domeinuaren proiektuak 2007an eman zituen lehen pausoak, eta, 2008an, PuntuEUS Elkartea eratu zen, euskararen eta euskal kulturaren komunitatea egituratzeko helburuarekin.

PuntuEUS Elkartea zabaltze prozesuan egon da 2008tik 2012ra, eta, gaur egun, 58 elkarte eta erakundek osatzen dute. 2012an, PuntuEUS Elkarteak PuntuEUS Fundazioa sortu zuen, eta azken horrek .eus domeinuaren eskaria aurkeztu zuen ICANNen aurrean, 2012ko maiatzean.

Eskari hori ebaluatuta, 2013ko ekainaren 14an jakinarazi zuten .eus domeinua onartua izan zela. Martxan jartzeko beharrezko lanak bukatuta, .eus domeinua 2014ko udaberritik dago ikusgai Interneten, eta 2014ko abenduaren 3an zabaldu zen erabiltzaile guztientzat. Une honetan, 3.600 domeinu-izen daude erregistratuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Xeko albisteak Sare sozialak Eguneko albisteak