Teknologia -
Appleren azkena
Apple Music musika zerbitzu berria aurkeztu du Apple konpainiak
Apple Musicek milioika kanta eta Beats 1 irrati digitala eskainiko ditu. Zerbitzua doakoa izango da aurreneko hiru hilabeteetan, eta hilean hamar dolar ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Apple Music musika zerbitzua aurkeztu du Tim Cook konpainiako kontseilari delegatuak. Cupertinoko (Kalifornia) erraldoi teknologikoak Pandora bezalako lehiakideei itzala egin nahi die apustu berri honekin.
Appleren garatzaileen konferentzia astelehen honetan hasi da San Frantziskon. Apple Musicek milioika kanta eta Beats 1 irrati digitala eskainiko ditu. Irratia ekainaren amaieran jarriko dute martxan.
Apple Music doakoa izango da aurreneko hiru hilabeteetan, eta hilean hamar dolar ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek ondoren.
Era berean, Apple Watch eskumuturreko erloju adimendunaren softwarearen azken bertsioak ere aurkeztu ditu Cupertinoko konpainiak. Horrela, gailu horrentzat aplikazio azkarragoak garatzen lagundu nahi die enpresak garatzaileei.
Konferentzia astelehenetik ostiralera egingo dute, eta bertan 5.000 bat parte-hartzaile biltzea espero dute antolatzaileek. San Frantziskoko (Kalifornia, AEB) Moscone biltzar zentroan egiten ari dira, hirian halakoak egiteko zentro handienean. Google konpainiak garatzaileen urteroko bilera egin zuen bertan iragan astean.