Teknologia -

Sherpa-Samsung akordioa

Sherpa Next euskal aplikazioa instalatuko du bere gailuetan Samsungek

Xabier Uribe-Etxebarria ekintzaile bizkaitarrak sortutako start up-a Samsung Galaxy S6 eta Samsung Galaxy S6 edge gailuetan instalatuta etorriko da aurrerantzean.

Celestino García (Samsung) eta Xabi Uribe-Etxebaria (Sherpa). Argazkia: Samsung/Sherpa
Celestino García (Samsung) eta Xabi Uribe-Etxebaria (Sherpa). Argazkia: Samsung/Sherpa
Celestino García (Samsung) eta Xabi Uribe-Etxebaria (Sherpa). Argazkia: Samsung/Sherpa

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sherpa enpresarekin akordioa itxi duela iragarri du gaur Samsung konpainiak, Sherpa Next aplikazioa bere gailuetan instalatzeko. Hala, aurrerantzean Samsung Galaxy S6 eta Galaxy S6 edge gailuek aurrez instalatuta izango dute Xabier Uribe-Etxebarria ekintzaile bizkaitarrak sortutako aplikazioa.

Euskal app-ak bertsio berezia izango du, Samsung Galaxy S6 edge telefono adimendu berrietara egokitutakoa. Sherpa Next-en bertsio berria doakoa izango da eta datozen asteotan eskuragarri izango dute erabiltzaileek Galaxy Apps eta Google Play plataformetan.

"Akordio honekin, Sherpa Next aplikazioa zabaltzeko fasea abiatuko dugu, eta zabalkunde hori telefonia alorrean punta-puntako konpainia baten eskutik egitea oso pozgarria da guretzat", esan du Xabier Uribe-Etxebarriak.

Bestalde, Celestino Garcia Samsung etxeko presidenteordeak adierazi duenez, "Samsung Galaxy S6 eta Samsung Galaxy S6 edge gailuetarako bereziki garatutako diseinua" du Sherpa Next aplikazioak. "Horren bidez, jada Samsung enpresarekin bat egin dutenen esperientzia aberastuko da, eta bat egin ez dutenek Samsungera jotzeko tentazioa izango dute"’.

Berrikuntzak Sherpa Next berrian

Sherpa Next aplikazioaren bertsio berriak inteligentzia artifizial indartsuagoa dakar. Samsungek eta Sherpak azaldu dutenez, "laguntzaile pertsonal ideala da, eguneko momentuaren arabera eta erabiltzailearen arabera informaziorik nabarmenena aukeratuko dutelako, bilatu beharrik izan gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Telefonia mugikorra Aplikazioak Inteligentzia artifiziala berrikuntzak