Teknologia -

Urteko azken hiruhilekoan

Marka guztiak hautsi ditu Applek, 18.000 milioiko etekin garbia lortuz

Applek 18.024 milioi dolar irabazi zituen iazko azken hiru hilabeteetan, aurreko urteko epe berean baino % 37,8 gehiago.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marka guztiak hautsi ditu Applek 2014ko azken hiruhilekoan, batez ere iPhone sakelako telefonoen salmentei esker. Izan ere, 18.024 milioi dolar irabazi zituen iazko azken hiru hilabeteetan, aurreko urteko epe berean baino % 37,8 gehiago.

Guztira, 74.599 milioi dolar sartu ziren Applen 2014ko urria eta abendua bitartean, aurreko urtean baino % 29,5 gehiago.

Tim Cook kontseilari delegatuak historikotzat jo ditu Applek lortutako emaitzak, eta atzo bertan enpresa teknologikoaren akzioek % 5eko gorakada izan zutela iragarri zuen.

Zenbaki horien guztien atzetik, iPhone berriak daude, batez ere iPhone 6 eta iPhone 6 Plus modeloak. Irailean jarri zituzten salgai, eta Gabonetako izarrak izan dira.

Guztira, hiru hilabete horietan, 74,5 milioi telefono saldu zituen Applek, 2013an baino % 46 gehiago. iPhone 6a izan da salduena, iPhone 6 Plus eta 5s edo 5c telefonoen gainetik.

“Munduko toki gehienetan emaitza onak izan ditugu”, adierazi du Cookek. Androidetik Applera aldatu diren pertsonen kopurua azken hiru urteetako handiena izan da.

Telefono gehien Brasilen eta Txinan saldu dituzte.

Mac ordenagailuek ere datu bikainak izan dituzte: % 9 hazi dira salmentak…

Azkenik, iPad-ari dagokionez, salmentak % 18 jaitsi direla onartu dute Appletik. Guztira 21,4 milioi iPad saldu zituzten urteko azken hiruhilekoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple