Teknologia -
Telefono adimendunak
Samsung Galaxy S6ren ezaugarriei buruzko lehen aztarnak
Konpainia korearrak Las Vegasko Consumer Electronic Show (CES) azokan aurkeztuko du telefono adimendun berria, baina erakustaldi pribatu batean.
Erredakzioa
Samsungek Galaxy S6 Edge sakelako telefono adimendun berria aurkeztuko du astearte honetan Las Vegasen (AEB) hastekoa den Consumer Electronic Show (CES) azoka teknologikoan, baina erakustaldi pribatu batean, eta ez jendaurrean. Konpainia korearraren smartphone berriaren zehaztasunak tantaka eta modu ez ofizialean ezagutzen ari dira.
Azken asteetan Galaxy S6 telefonoaren balizko argazki ugari argitaratu dituzte hainbat blogetan. Hori bai, Samsung Tomorrow blog ofizialean publikatutako bideo batean, terminal berria izan daitekeena ikus daiteke, edo hala uste dute behintzat webgune espezializatuek.
Izan ere, bideo horretan telefono bat erakusten dute, eta ez da Galaxy S5, ezta S4 edo Galaxy Note familiakoak ere. S4ren antza handia du, baina handiagoa eta zabalagoa da.
Baieztapen ofizialik ez badago ere, Galaxy S6ren ezaugarriak hauek izan litezke: QHD Super AMOLED pantaila bat, bi prozesadore mota -Exynos 7420 edo Snapdragon 810-, 32 GBeko ahalmena eta LTE (4G) sarearekin bateragarritasuna.
Galaxy S6 telefonoa CES azokan aurkeztuko ez dutenez, hurrengo aukera Bartzelonako Mobile World Congress izan liteke.