Teknologia -

EEC14 kongresua Bilbon

Uber, Bilbon: 'Legeak garai berrietara egokitu beharra dago'

Taxien munduan iraultza ekarri duen aplikazio arrakastatsuenaren presidenteordeak hitzaldia eskaini du Bilbon.

Niall Wass, Uber
Niall Wass, Uber
Uber: 'Legeak teknologia berrietara egokitu behar dira'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uber aplikazio ezagunaren presidenteordeak, Niall Wassek, hitzaldia eskaini du gaur Bilbon, EEC14 jardunaldi teknologikoaren baitan, eta plataforma horren hazkundea Espainiako Estatuan Londresen eta Parisen baino azkarragoa izaten ari dela zehaztu du.

Garraioaren eta taxiaren munduan iraultza ekarri duen aplikazioa 40 herrialdetara eta 200 hiritara iritsi da dagoeneko, eta aurten Bartzelonara, Madrilera eta Valentziara ailegatu da. 1.200 milioi dolarreko (1.000 milioi euro) negozioa du.

Wassen esanetan, "munduko hiri progresistenak arauak berritzen ari dira, telefono adimendunen sorrera baino lehen egin baitzituzten".

Bestalde, agintariek Uber erabiltzen duten gidarien aurka egiten badute, gidarioi "laguntza legala" ematea aztertzen ari direla azaldu du Wassek.

Uberren presidenteordeak aplikazioa taxilarientzat ere baliagarri izan litekeela esan du. "Duela bi aste, San Franciscoko gidari batek Uber erabiltzen hasi dela esan zidan, lapurreta batean jipoia eman ziotelako. Orain, eskudirurik erabiltzen ez duenez --Uberren, txartelarekin egiten dira ordainketak-, seguruago sentitzen da eta lan gehiago du", azaldu du, adibide gisa.

Orain, Uberpop aplikazioa sortuko dutela aurreratu du Wassek, autoak partekatzeko. "Etorkizunean auto gutxiago erabiltzea izango da joera", esan du.

Uberren polemikak

Aplikazioak gerra deklaratu die taxilariei, gobernuei, konpainia aurkariei eta kazetariei, baina estrategia hori emaitza kaskarrak ematen hasi da, polemika ugaritan nahasita baitago.

Horren adibide, kazetari kritikoen bizitza pribatua ikertzeko planak zituela.  BuzzFeed webguneak eman zuen argitara auzia. Hain zuzen ere, kazetari kritikoen "trapu zikinak" deskubritu nahi zituen aplikazioak, eta milioi bat euro erabiliko zituen zeregin horretan.

Hori, baina, ez da Uber nahasita dagoen polemika bakarra. Lyon herrian (Frantzia), adibidez, 20 minutuz "neska politekin" bidaiatzea promestu zuen publizitate kanpaina batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Telefonia mugikorra Ekonomia Enpresen albisteak Taxiak Zer gertatu da gaur Uber enpresarekin?