Teknologia -

Apple enpresaren aurkezpena

Apple-ren aurkezpenaren atarian, zurrumurruak nagusi Silicon Valleyn

Teknologia konpainiak orain arteko eskuko telefonorik handiena eta bere lehendabiziko erloju adimenduna aurkeztea espero da. Dena den, Applek berak ez du ezer aurreratu.

Apple. Artxiboko irudia: EFE
Apple. Artxiboko irudia: EFE
Apple. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apple etxeak produktu berriak aurkeztuko ditu irailaren 9an, eta aurkezpen horren atarian zurrumurruak dira nagusi AEBko Silicon Valleyn, "teknologiaren erdigunean". Apple etxeak orain arteko eskuko telefonorik handiena eta bere lehendabiziko erloju adimenduna aurkeztea espero da.

"Zurrumurruen arabera, Apple etxeak iPhone 6 telefono adimendunaren bi bertsio aurkeztuko ditu: 4,7 hazbetekoa bata eta 5,5 hazbetekoa bestea. Bigarren neurri horretako eskuko telefono asko saltzen ari dira, eta gaur egun merkatu horretan Samsung da nagusi", Gabriel Sama CNET teknologiaren informazioari buruzko atariko zuzendariak EFE albiste agentziari adierazi dionez.

Ohikoa den moduan, Apple enpresak ez du produktu berrien xehetasunik eman nahi izan. "Nahiago genuke gehiago kontatzeko aukera izango bagenu", adierazi zuen Apple etxeak teknologia alorrean dabiltzan kazetariak irailaren 9ko aurkezpenera gonbidatzeko bidalitako gonbidapenean.

Apple etxeak irailaren 9an, 10:00etatik aurrera (17:00 GMT), aurkeztuko ditu produktu berriak Kaliforniako Cupertino hiriko Flint Centerren, hain zuzen ere, Applek 1984an lehen Mac ordenagailua aurkeztu zuen toki berean.

The Wall Street Journal egunkariak aurreratu duenez, iPhone 6 telefono adimendunaren bertsio garestienen pantailak zafiro sintetikoz eginak izango dira eta, beraz, gogorragoak izango dira.

Bestalde, GforGames atariak kaleratutakoaren arabera, iPhone 6 modeloaren argazki-kamerak 13 megapixel izango ditu, aurrekoak (iPhone 5S) baino 5 megapixel gehiago.

Erloju adimenduna

Re/Code teknologiari buruzko atari entzutetsuak duela egun batzuk jakinarazi zuenez, Apple konpainiak erloju bat aurkeztuko du asteartean, baina ez dute datorren urtera arte salgai jarriko. Erloju horren bertsiorik garestiena 400 dolarrean (304 euro) salduko da.

Erloju horrekin Apple etxeak segmentu berri batera egingo du jauzi. Aipaturiko segmentu horretan lehia geroz eta handiagoa da, eta dagoeneko bertan lehiatzen ari dira, besteak beste, Samsung, LG eta Motorola. Tim Cook Apple enpresako kontseilari delegatuak "All Things Digital" hitzaldian iaz esan zuenez, "dispositibo asko daude gaur egun, baina ez dago aparteko ezer. Alor horretan konpondu beharreko kontu asko daude". Horren ustez, esploraziorako garai ona da eta konpainia asko lehiatuko dira segmentu horretan.

Apple konpainiak iradoki duenez, dispositibo berrietako bat osasunaren sektorearekin eta etxearen automatizazioarekin lotuta egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Apple Telefonia mugikorra albisteak