Teknologia -

Segurtasuna

LatentGesture, mugikorrak norbera ezagutzeko sistema

LatentGesture Georgiako Teknologia Institutuak garatutako sistema bat da. Horri esker, smartphoneak eta tabletak euren jabeak ezagutzeko gai dira, horien idazteko era aztertuz.

Smartphonea. Argazkia: EITB
Smartphonea. Argazkia: EITB
Smartphonea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LatentGesture sistemak smartphone eta tablet erabiltzaileen idazteko eta atzamarrak irristatzeko modua aztertzen du. Horrela, gailuaren erabiltzea aztertzen du, horren jabea den edo ez jakiteko.

Sistema Georgiako Teknologia Institutuko sareko segurtasuneko ikertzaileek garatu dute, eta Android sistema darabilten gailuetan egindako ikerketa lanaren emaitzak oso onak dira.

Polo Chau proiektuaren zuzendariak azaldu duenez, "sistemak pertsona baten ukitzeko modua ikasten du, eta erabiltzaileak egiten dituen ekintzak une oro konparatzen ditu".

LatentGesturek bost sinadura gordetzeko aukera ematen du; haietatik bat jabearena izango da, eta gainerakoak, baimendutako erabiltzaileenak. Hori dela medio, ume batek bere gurasoen tableta erabil dezake, baina ezingo du aplikaziorik erosi.

Horretaz gain, jabeak erabili ezean, gailua blokeatzeko aukera ematen du.

Proiektua garatu duten ikerlariek lan hori apirilean Toronton (Kanada) aurkeztea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Android aplikazioak Teknologia albisteak