Teknologia -
Ikusmen handiko aurkezpena
iPhone 'merkea': Applek errotik aldatuko ote du estrategia?
Aurreikuspenen arabera, bi produktu berri aurkeztuko ditu Tim Cookek gaur: iPhone 5Sa eta iPhone 'merke' bat. Steve Jobsek defendatutako esklusibitatea kolokan jar lezake estrategia aldaketa honek.
Eider Garaikoetxea | eitb.com
Kalifornian (AEBak) 10:00ak direnean (Espainian, 19:00etan) teknologia zale asko eta asko pantailari itsatsita izango dituzte begiak; izan ere, Applek, Tim Cook buru duen multinazionalak, show bikoitza iragarri du gaurko, 2013ko irailaren 10erako. Aldi berean egingo dute AEBetan (Cupertino) eta Alemanian (Berlin).
Iraila askotan aukeratu du Applek produktu berriak merkaturatzeko, eta oraingoan zer produktu berri erakutsiko dituzten bota dute dagoeneko hedabide espezializatuek: Iphone 5aren ondorengoa (Iphone 5S), Iphone "merke" bat eta sistema eragilearen hurrengo eguneratzea (Ios 7).
Hedabideetako adituen arabera, Iphone 5Sa, Iphone 5 iaz aurkeztu zuten mugikorraren ondorengoa, aurkeztuko dute, seguru. Ohiko zuriaz eta beltzaz gain, telefono honetarako, kolore gehiagoko karkasak aukeratu ahalko direla uste dute, konpainiak hizpide dugun ekitaldirako kazetariei bidali dien gonbidapenean oinarrituta; izan ere, bertan, kaliforniar enpresaren logo mitikoa, haginkada bat hartu duen sagarra, kolore askoko atzealde baten aurrean ikusten da. Halaber, egungo modelokoa baino bateria handiagoa eta datuak biltzeko edukiera handiagoa izango dituela ere uste dute.
Adio esklusibitateari?
Hala ere, hautsak gehien harrotu dituena Iphone merkeagoen balizko iragarpena izan da. Smartphone-ak jende gehiagoren eskura jarri nahi ditu, itxura denez, enpresak, eta horregatik hartu du estrategia hori.
Hainbat informazioren arabera, Iphone berri eta merkeago hauek (Iphone 5C izena eman diete) maila altukoak baino kolore gehiagotan erosi ahalko dira, baina, noski, ezaugarri murritzagoak izango dituzte (plastikozkoak izango ei dira). Antza denez, Txinako merkatuan sartu nahiak ekarri du politika aldaketa hau, azkenaldian sagarraren konpainiak ez baitu bertan arrakasta handirik jaso.
Telefono merke baten aldeko apustu honek goitik eta behera aldatuko luke Steve Jobs zenak sortutako konpainiaren estrategia. Orain arte, esklusibitatea eta maila altuko gailuen berrikuntzan oinarritu da.
'Poltsiko guztietarako' sakelakoak saltzeak lehiakorragoa egin lezake Apple, batez ere Samsumgekin duen lehia irabazte aldera; baina era berean, orain arte landutako irudia mila zatitan puska lezake.
iPhone merke honez gain, oso litekeena da Applek bere hurrengo sistema eragilearen (Ios 7) eguneratzeren bat aurkeztea. Udaren aurretik aurkeztu zuten, baina oraindik ez dago erabilgarri, eta laster jaitsi ahal izango da.
iWatch eta Apple TV-ren aurkezpena, beste baterako
Aurkezpenerako ordu gutxi falta direla, adituek baztertu egin dute Applek erloju eta telebista adimenduak aurkezteko aukera.