Teknologia -

Aplikazioak

Doako 10 alternatiba, WhatsAppen aurrean

Gehien erabiltzen dena izan arren, azkenaldian izan dituen arazoek eta Android sistemako erabiltzaileek aurrerantzean zerbitzuagatik ordaindu behar izateak aplikazioen arteko lehia areagotu dute.

Android eta iPhone gailuentzat doako 10 alternatiba, Whatsappen aurrean. Argazkia: EFE
Android eta iPhone gailuentzat doako 10 alternatiba, Whatsappen aurrean. Argazkia: EFE
Android eta iPhone gailuentzat doako 10 alternatiba, Whatsappen aurrean. Argazkia: EFE

A. A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mezuak bidaltzeko aplikazioen arteko lehia geroz eta handiagoa da. WhatsApp gehien erabiltzen dena izan arren, azkenaldian izan dituen arazoek eta Android sistemako erabiltzaileek aurrerantzean zerbitzuagatik ordaindu behar izateak aplikazioen arteko lehia areagotu dute. Google Playn eta App Storen eskuratu ditzakezun aplikazioetako batzuk azalduko dizkizuegu.

1. Spotbros

Getxotar talde batek sortutako Spotbros mezuak bidaltzeko zerbitzuak milioi bat erabiltzaile lortu ditu, "WhatsApp euskaldunak" astelehenean emandako datuen arabera. Aipatu aplikazioa urrian jarri zuten martxan iOS (Apple) eta Android (Google) sistema eragileetarako.

Aplikazio horren sortzaileen ustez, erabiltzaileen pribatutasuna da "garrantzitsuena". Hori dela eta, elkarrizketak AES 256 bits programarekin zifratzen dituzte, AEBetako Gobernuak dokumentu sekretuenak kodetzeko erabiltzen duten sistemarekin hain zuzen. Horrekin batera, 30 egunean behin zerbitzariak ezabatu egiten dituzte.

2. Line

WhatsApp aplikazioari bezero gehien kentzen ari zaizkion zerbitzua da Line. iOS eta Android sistemetan erabil daiteke eta, mezuak bidaltzeaz gain, deiak egiteko aukera ere eskaintzen du.

Horrez gain, Linek beste erreminta batzuk ditu, eta 'sticker' izena dute ikonoak erabil daitezke. Urtarrileko datuen arabera, Linek 100 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu.

3. Viber

IOS, Android eta Windows Phone sistema eragilea duten gailuentzako eta BlackBerry eta Nokia sakelako telefonoentzako aplikazioa da. Viberri esker, agendako kontaktuei mezuak bidaltzeaz gain, doako deiak egiteko aukera izango du erabiltzaileak.

Viber erabiltzeko bi gauza behar dira: beste erabiltzaileak ere aplikazioa deskargatuta izatea eta biek 3G edo WiFi konexioa izatea.

4. WeChat

WhatsApp, Viber eta Line aplikazioen ezaugarririk onenak biltzen dituen aplikazioa da WeChat. Dagoeneko 300 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu.

Sortzaileek azaldu dutenez, WeChat komunikaziorako plataforma bat da, eta Android, iOS, Blackberry, Windows Phone eta Symbian sistema eraileekin erabil daiteke. Bideodeiak ere egin daitezke WeChat zerbitzuaren bidez.

5. TuMe

TuMe Telefonica Digitalek garatutako aplikazioa da, eta erabiltzaileari mezuak bidaltzeko eta deiak egiteko aukera eskaintzen dio. Aplikazioa doakoa da.

Hala ere, oraindik ingelesez bakarrik erabil daiteke eta ezin dira elkarrizketak, mezuak edo jasotako argazkiak borratu. Horrez gain, zerbitzuak ez du oraindik bideoak bidaltzen edo taldeak sortzen uzten.

6. Chad2Win

Spotbros aplikazioak egiten duen bezala, Chad2Winek mezuak kodetu egiten ditu, eta,  noizean behin, zerbitzaritik borratzen ditu. App horrek ez du ikonorik, eta, publizitatea jasotzea onartuz gero, ordaindu egiten dio erabiltzaileari.

7. ChatOn

Kontaktu bati edo talde bati testuak bidaltzeaz gain, ChatOn aplikazioari esker irudiak, audioak eta bideoak parteka daitezke. Gainera, aplikazio horren bidez, erabiltzaileak marraztu ere egin dezake.

Android, iOS, BlackBerry edo Bada sistema eragilea erabiltzen duten gailuetan deskargatu daiteke.

8. GroupMe

Android, iOS, BlackBerry eta Windows Phone sistema eragileetan dago erabilgarri GroupMe, eta, horren bidez, erabiltzaileak osatutako taldeetako kontaktuei mezuak bidali ahal dizkie.

Horrela, erabiltzaileak txat pribatu batean egongo balitz bezala hitz egin dezake. Gainera, argazkiak eta bideoak bidaltzeko aukera ematen du.

9. Nimbuzz Messenger

Nimbuzz Messenger mezuak bidaltzeko aplikazio bat izateaz gain, Facebook Chat, Yahoo! Messenger edo Google Talk sistemen txatetan aritzeko aukera eskaintzen du.

Android, iOS, Windows Phone, BlackBerry eta Nokia gailuetan erabil daiteke.

10. Pinger

Estatu barruko eta nazioarteko deiak doan egiteko balio du Pingerrek. Horrez gain, mezuak ere doakoak dira, eta hartzaileak ez du mezu hori jasotzeko smartphonerik behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Android aplikazioak Sare sozialak Telefonia mugikorra albisteak Aplikazioak gaur