Teknologia -

Mobile World Congress

Huaweik eta Samsungek mugikor arinenak eta handienak aurkeztu dituzte

Huawei Ascend P2ak edukiak ohikoa dena baino hiru aldiz azkarrago deskargatzen ditu, eta Galaxy Note 8ak pantailarik handiena du.

Huawei Ascend P2 telefono mugikorra. Argazkia: brainzum.com
Huawei Ascend P2 telefono mugikorra. Argazkia: brainzum.com
Huawei Ascend P2 telefono mugikorra. Argazkia: brainzum.com

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur eman diote hasiera Bartzelonan Mobile World Congress azokari. Bertan, telefono mugikorren sortzaileak euren berrikuntzak aireratzen lehenengoak izaten saiatzen dira. Horren erakusgarri, Huawei eta Samsung konpainiek kongresua hasi baino egun bat lehenago aurkeztu dituzte euren produktuak

Lehenengoak merkatuko smartphone azkarrena aurkeztu du: Ascend P2a. Lau nukleoko prozesadorea du, eta telefono mugikorren LTE laugarren belaunaldiko sare berrietarako prestatuta dago. Itxuraz fina eta arina da, eta 4,7 hazbeteko ukipen-pantaila, quad-core prozesadorea eta 1 GB-eko RAM memoria ditu.

Samsung konpainiak Galaxy Note 8a aurkeztu zuen, telefono mugikorraren eta tablet-aren arteko gailua. 8 hazbeteko pantaila du, Samsungek mugikorraren multimedia errendimendua azpimarratu zuen. Berritasunen artean MultiWindow aplikazioa dago. Horrekin, pantaila zatitu egiten da, hainbat aplikazio aldi berean erabiltzeko. Horretaz gain, Reading Mode-arekin Galaxy Note 8ak aurreko modeloak baino erresoluzio handiagoa eskaintzen du liburu elektronikoak irakurtzeko.

Halaber, Android sistema eragilea duten tablet-en artean Awesome Note aplikazioa duen lehenengoa da. Horrela, notak hainbat modutan hartzeko aukera eskaintzen du.

Kamera da produktu berri horren ahulgunea, 5 megapixelekoa baita. Hala ere, bideoak grabatzeko aukera bikaina eskaintzen du, 1.080 pixel baititu.

Mobile World Congress telefono mugikorrei buruzko munduko kongresurik garrantzitsuena da, eta gaur eman diote hasiera Bartzelonan. Besteak beste, 200 herrialdetatik etorritako 70.000 bisitari baino gehiago hartzea eta hirian 300 milioi euro uztea ditu helburu nagusi. Ostegunera arte izango dute bertan industria horretako konpainiek euren berrikuntzak aurkezteko.

Konpainiek produktu berriak aurkeztu dituzte

Sonyk Xperia Z (gaur kaleratu du) eta Xperia Z tablet-a aurkeztu ditu.

Tablet-ak Android Jelly Bean 4.1 erabiltzen du sistema eragile moduan. Gainera, 10,1 hazbeteko reality pantaila du, bereizmen handiko edukiak erreproduzitu ahal izateko.

Panela Mobile Bravia Engine 2 teknologiarekin dago eginda, eta 1920x1200 pixeleko bereizmena eskaintzen du. Horretaz gain, oso fina (6,9 milimetro) eta arina (459 gramo) da.

Nokiak, bere aldetik, lau produktu berri aurkeztu ditu. Horien artean, finlandiar konpainiak garapen bidean dauden estatuetan lehiatu nahi du Nokia 105 telefono mugikorrarekin. 15 eurotan egongo da salgai, eta Nokia 301ak bezala, interneterako sarbidea eta Nokia Express nabigatzailea izango ditu. Gainera, Lumia taldeko bi produktu berri aurkeztu ditu: Lumia 520 eta Lumia 720.

Windows Phone sistema eragileak (Nokiaren Lumia gailuek erabiltzen dute) 130.000 aplikazio dituela baieztatu du Stephen Elop Finlandiako konpainiako bozeramaileak. Gainera, Nokiak adierazi duenez, Dreamworks animazio estudioak eduki esklusiboak egingo ditu Lumia gailuetan erabiltzeko.

2013an zehar, Firefox OS sistema eragile berria izango duen smartphone-a kaleratuko duela iragarri du LGk. Hala ere, oraingoz ez du ezagutzera eman nolakoa izango den produktu berria. Bezero batzuei, baina, erakutsi egin omen die jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea