Erreportajeak -

Eitb.com-en erreportajea

Interneteko erabiltzaileentzako aholkuak

Kontsumitzaileen elkarteek Sarea eta horren aplikazioak arretaz erabiltzea gomendatzen diete erabiltzaileei, batez ere sare sozialak erabiltzen dituztenei. Gaur Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna da.

Amaia Akordagoitia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna da. Kontsumitzaileen elkarteek gaurko egunez bereziki azpimarratzen dutenez, teknologia berriek eta Internetek aurrerapen handia eragin dute gaur egungo gizartean, baina ez dugu ahaztu behar, Interneteko kontsumitzailea, azken finean, kontsumitzailea dela eta, hortaz, eskubideak izan badituela.

2009ko maiatzaren 30ean Ministro Kontseiluak Telekomunikazioen Erabiltzaileen Eskubideen Eskutitza onartu zuen. Dokumentuak 20 eskubide berri gehitu zituen eta Espainia alor honetan Europako herrialdeen artean abangoardian jarri zuen.

Hala ere, kontsumitzaileen elkarteek Sarea eta horren aplikazioak arretaz eta arduraz erabiltzea gomendatzen dute, batez ere sare sozialetan. Helburua edozein motatako arazoak ekiditea da.

Ohiko gomendioak

1. Ondo pentsatu publikatu nahi diren datu pertsonalak eta aditzera eman nahi ez direnak.2. Adingabekoek ez dute beraien helbidea edo telefono zenbakia aditzera eman behar.3. Benetako izena erabili ordez, izengoitia erabili.4. Beste pertsona batzuen informazioa edo argazkiak publikatzerakoan arreta berezia jarri.5. Profilean argitaratutako datuen erabilera gehiago zaindu.

Komunikazio elektronikoen zerbitzuen araudiaren arabera, "fakturazio garai batean, bezeroak Interneteko sarbidearen zerbitzuan etenaldiak baditu, operadoreek kuotaren balioa eta beste kuota finko batzuk itzuli beharko dizkio bezeroari. Gainera, operadoreek bezeroa indemnizatu beharko du. Indemnizazio hori bezeroak kontratuko baldintzak betetzen dituen bitartean egingo da".

Legedia

Beste alde batetik, 2002tik indarrean dagoen Informazio Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Legeak Interneteko merkataritza eta publizitate eredua arautzen du.

Horrela, Internetek mota guztietako produktuak eskuratzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, baina segurtasun arrazoiak direla eta, Sarean erosi ezin daitezkeen produktu batzuk ere badira. Medikamentuak, janaria eta edariak ezin dira Sarean erosi, legez kanpokoa da. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Babeserako Lege Orokorrak produktu horiek etxez etxe saltzea debekatzen du. Izan ere, produktu horiek saltzeko baimena duten lekuetan bakarrik eskuratu daitezke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea