Politika -
Adierazpen ofiziala
Patxi Lopez PSE-EEko bozeramailea izango da inbestidura saioan
Lehedakaritzak aditzera eman duenez, nahiz eta Legebiltzarreko sozialisten bozeramailea Jose Antonio Pastor izan, zenbait eztabaidatan Patxi Lopezek egingo ditu bozeramaile lanak.
Erredakzioa
Patxi Lopez jarduneko lehendakariak PSE-EEko bozeramaile lanak egingo ditu hurrengo lehendakariaren inbestidura saioan. Beraz, Lopez izango da Urkullu eta Mintegi hautagaiei erantzungo diena.
Inbestidura saioa asteazkenean, abenduak 12, hasiko da Iñigo Urkulluren eta Laura Mintegiren gobernu-programen aurkezpenarekin. Aurreikuspenen arabera, Iñigo Urkullu lehendakari hautatuko dute hurrengo egunean, abenduak 13, gehiengo sinplearekin.
Lehendakaritzatik aditzera emandakoaren arabera, Lopezek jarrera "aktiboa" izango du inbestidura saioan eta legegintzaldi berrian.
Beraz, nahiz eta Legebiltzarreko sozialisten bozeramailea Jose Antonio Pastor izan, zenbait eztabaidatan Patxi Lopez izango da bozeramailea.
Bozeramailea "gai garrantzitsuetan"
Gauzak horrela, gai "garrantzitsuak" eztabaidatzen dituztenean (herrialde eredua, adibidez), Lopez izango da tribunara aterako dena edo lehendakariari galderak egingo dizkiona.
Era berean, Patxi Lopezek aurreko lehendakarien ohitura hautsi nahi du (Carlos Garaikoetxearen kasua aparte utzita) eta Legebiltzarrean jarraituko du.