Politika -
Bakerako lantaldea
EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko bakerako lantaldean parte hartuko du
PSE-EEk "ez du onartuko lana hutsetik hastea. Lanak hasi genituen, ordezkari politiko askori deitu genien, balantzea egin genuen eta oinarrien txostena sinatu genuen".
Erredakzioa
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak jakinarazi duenez, koalizioak Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldean parte hartuko du, nahiz eta salatu orain arte egin duen lana "nahikoa ez" dela izan.
Laura Mintegi lehendakari izateko hautagaitza aurkeztu ostean eman du Arzuagak erabakiaren berri. PSE-EEk egin du berriro lantaldea osatzeko proposamena. Iaz, UPyDK, Aralarrek eta EAk bertan ez parte hartzea erabaki zuten, azken biek ezker abertzalea kanpoan geratzen zelako.
EH Bildu nahi duen batzorde eta lantaldeetan egongo dela azpimarratu du Arzuagak, eta bakerako eta elkarbizitzarako lantaldea "lehentasuna" omen da.
Hori dela eta, EH Bilduk aurreko legegintzaldiko lana aztertuko du eta ondo iruditzen zaionari "eusteko" eta egin beharreko "berrikuntzak" sartzeko proposamena egingo du. Izan ere, datozen lau urteetan "lan korrelazioa erabat berria" dela azpimarratu du.
PSE-EE
PSE-EEk proposamena aurkeztu du aipatu lantaldea sortzeko "aurreko legegintzaldian adostutakoan oinarrituta, ETAren desegitea bilatzeko eta iraganeko jarduera terroristari zilegitasuna kentzeko".
Sozialisten arabera, horixe da "aniztasunean, sistema demokratikoaren onarpenean, eta terrorismoaren arazoari justizia aplikatuta irtenbidea emateko ustean" oinarrituta elkarbizitza lortzeko lehenengo urratsa.
Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak aurkeztu du proposamena prentsaurreko batean, eta argi adierazi du ez dutela onartuko "lanak hutsetik hastea. Lanak hasi genituen, ordezkari politiko asko deitu genituen, balantzea egin genuen eta oinarrien txostena sinatu genuen".