Politika -
Otsailean edo martxoan
Arabako PSE-EEko talde kritikoak hautagaitza aurkeztuko du kongresuan
Besteak beste, Oscar Rodriguez, Joana Madrigal, Esozi Leturiondo, Juan Carlos Alonso eta Marta Buesa daude Arabako PSE-EEko kide kritikoen artean.
Erredakzioa
Arabako PSE-EEko talde kritikoak hautagaitza aurkezteko asmoa du datorren urteko otsailean edo martxoan egingo duten eskualdeko kongresuan. Hala, alderdiaren berrikuntza politiko, organiko eta etikoa egiteko prozesua abiatzeko asmoa dute une honetatik aurrera.
Besteak beste, Oscar Rodriguez, Joana Madrigal, Esozi Leturiondo, Juan Carlos Alonso eta Marta Buesa daude Arabako PSE-EEko kide kritikoen artean, eta ''Arabako sozialismoa berritzeko baloreak'' izeneko dokumentua aurkeztu dute komunikabide aurrean. Egungo zuzendaritzaren erabakiekin bat egiten ez duen talde horretako kideek urtebete daramate txosten horretan lanean.
Sozialistak krisi ekonomiko eta ideologikoan murgilduta daudela uste dute, eta hautesleen babesa galdu dutela. Arabaren kasuan, gainera, ''balore krisia'' ere badela adierazi dute.
Horren aurrean, politika egiteko modu berri bat aldarrikatu dute, ''ilusioak batuz eta ideiak eztabaidatuz'' egin behar dela sinetsita. Halaber, primarioen eta hauteskundeetako hautagaitzak aukeratzeko orduan sistema berri baten alde egin dute.
Euskadiko PSE-EEren kongresua otsailaren 9an eta 10ean egingo dute, eta, ondoren izango da Arabakoa.