Politika -
A-25
Artur Masen estrategia politikoak 'porrot' egin du, Rajoyren ustez
Alderdi Popularraren zuzendaritza nazionalaren ustez, hauteskundeen emaitzek agerian uzten dute Artur Masen "estrategia politikoak porrot" egin duela, eta ''zuzenketa'' egitea eskatu diote Masi.
Erredakzioa
PPren zuzendaritza nazionalaren arabera, igande honetako Kataluniako hauteskundeen emaitzek agerian uzten dute Artur Mas CiUren presidentearen "estrategia politikoak porrot" egin duela, eta, horren harian, ''zuzenketa'' egitea eskatu diote Masi.
Horixe adierazi du Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak alderdiaren zuzendaritzaren bileraren ondoren Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPren buruarekin batera eman duen prentsaurrekoan. Mariano Rajoyk alderdiko buruzagi guztiak elkartu ditu astelehen honetan Kataluniako hauteskundeetako emaitzak aztertzeko.
Gobernuko presidentearen ustez, Artur Masek ''erantzukizuna eta zuhurtzia'' izan ditu faltan, eta, horren harian, ''zuzenketa argia'' egitea eskatu dio. Zuzenketa hori egiteak, hala ere, ez du zertan bermatu behar CiUk PPren babesa izango duenek, popularren idazkari nagusiak berak baieztatu duenez.
Edonola ere, Kataluniako Gobernu berriarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da Mariano Rajoy. Garrantzitsuena etorkizuna dela esan du presidenteak, eta, horri begira, elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu dio KataluniakoGobernu berriari."Espainiako Gobernutik, PPk hauteskunde hauetatik aterako den Gobernuari laguntzen jarraituko du, iraganean egin duen bezalaxe, eta gainerako erkidegoetako gobernuekin egiten duen moduan", azpimarratu du Cospedalek.
PPko ordezkariek sozialisten beherakada ere azpimarratu dute, eta "mezu nahasgarria"ren errua izan dela adierazi dute.