Politika -
Batzar Nagusia Baionan
Lurralde Elkargoaren alde egin du Hautetsien Kontseiluak
Iparraldeko hautetsien kontseiluak Batzar Nagusia egin du Baionan. 41 hautetsietatik 38k hobetsi dute Lurralde Elkargoak departamenduaren eskumenak beharko lituzkeela.
Erredakzioa
Iparraldeko Hautetsien Kontseiluak Batzar Nagusia egin du Baionan. Bilkura garrantzintsua izan da, Lurralde Elkargoaren inguruan bozketa egin baitute, eta aho batez, departamentuaz haratago doan egitura baten alde agertu dira.
Lurralde Elkargo baten sorrerari buruzko mozioa aurkeztua eta bozkatua izan den bileran, bi hautetsik (Mondorguek eta Espilondok) "pays" delakoaren alde eman dute bozka. Batek sindikatu mistoaren alde eta beste 38k Lurralde Elkargoa sortzea hobetsi dute.
Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroak ez zuela Lurralde Elkargo egitasmoa abiarazteko aukerarik ikusten esan zuen asteartean. Euskal hautetsiek ordea, Kontseiluak bere bidea jarraitu behar duela esan zuen eta horixe eztabaidatu eta bozkatu dute. Departamentu batek baino eskumen gehiago duen egitura baten alde egin dute; zortzi eskumen berezi lituzkeen egitura hain zuzen.
Era honetan mezu argia igorri diote Frantziako gobernuari. "Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta Garapen Kontseiluaren baitan biltzen diren gizarte eragileek aho batez jakinarazi dute eskumen berezidun Lurralde Elkargoa nahi dutela", esan du Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak.
Halaber, Max Brisson departamenduko UMPko buruak ezohiko gertakari historikoa dela esan du, "komunistek, sozialistek, zentristek, eskuinak eta abertzaleek, gizarte zibilarekin batera proposamen horren alde bat egin dutelako".
Departamenduaren eskumenak eta gainerako zortzi eskumen berezi dituen Lurralde Elkargoari buruzko mozio hau eramango dute orain Parisera.