Politika -

Ertzainei omenaldia

Bilduk Beasaingo Udalean hartutako erabakia txalotu egin du Barrenak

Koalizio abertzaleak ETAk hildako bi ertzaini omenaldia egitearen alde bozkatu du. Pernando Barrenak jakinarazi duenez, ezker abertzaleak 'bere' egiten du jarrera hori.

ErNEk ETAk hildako ertzainak omendu ditu

01:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak Bilduk Beasaingo Udalean hartutako erabakia txalotu du; izan ere, ETAk hildako bi ertzaini omenaldia egitearen alde bozkatu du koalizio abertzaleak. Halaber, “norabide egokian egindako erabakia da”, eta ezker abertzaleak erabaki hori “bere” egiten duela adierazi du.

2001ean, Beasainen, trafikoa bideratzen ari zirela tirokatu zituzten Isabel Arostegi eta Javier Mijangos ertzainak omentzeko proposamena Bilduk ere babestea hitz horiekin goratu du Barrenak. Minutu bateko isilunea eta lore-eskaintza egingo dute ertzain horiek omentzeko, iluntzeko zazpiak eta laurdenean, udalerri horretan bertan dagoen monolitoan.

EAJ eta PSE-EE alderdiek aurkeztu zuten mozioa, eta Hamaikabat alderdiak ere testuarekin bat egin zuen. Beasaingo Udaleko osoko bilkurak mozioa onartu zuen EAJ, PSE-EE, Hamaikabat, PP eta Bilduren aldeko botoekin. Hala ere, koalizio abertzaleak jeltzaleak eta sozialistak kritikatu zituen testua osatzen parte hartzerik izan ez zuelako.

Barrenak jakinarazi duenez, ezker abertzaleak Bilduk Beasaingo Udalean hartutako erabakia “txalotu” eta “bere” egiten du. “Biktima guztien aitorpenean eta horien memorian aurrera egiteko jarrera dela uste dugu”.

Ezker abertzaleko ordezkariaren esanetan, Beasaingo ekimen hori “norabide onean” kokatutako ekimena da, eta horrek “guztiz pozten nau”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea