Politika -
Bartzelonan
Ernest Lluchen omenezko jardunaldia antolatu du bere fundazioak
Biktimen pluraltasuna izango du ardatz egun osoko jardunaldiak. Besteak beste, Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain ohiak, Gorka Landaburu kazetariak eta Pernando Barrenak parte hartuko dute.
Erredakzioa
Gaur dira 12 urte ETAk Ernest Lluch ministro ohi sozialista eta unibertsitateko irakaslea hil zuela.
Urteurrena gogoratuz, egun osoko jardunaldia antolatu du haren izena daraman fundazioak. Eszenatoki politiko berri honetan, biktimek euskal gatazkan duten eginkizuna izango dute hizpide, besteak beste.
Gaurko jardunaldietan besteak beste, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain ohiak, Gorka Landaburu kazetariak eta Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak parte hartuko dute.
Pernando Barrenak "Biktimak eta adiskidetzea" hitzaldia emango du, 18:00etatik aurrera, eta ezker abertzalea "euskal gizarteak hainbeste nahi duen adiskidetze prozesuan parte hartzeko prest" dagoela azalduko du.
Prozesu horrek "biktima izenaz ezagutzen ditugun errealitate ezberdinetara hurbiltzea" dakarrela esan du.
Ernest Lluchen hilketa ez zela sekula gertatu behar esan zuen Pernando Barrenak atzo Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan. Hilketak barrena irauli ziola esan zuen.