Politika -
Legegintzaldi berrian
Bakartxo Tejeria: 'Arazoei aurre egiteko egoera onean gaude'
Eusko Legebiltzarreko presidentearen ustez, Gasteizko Ganbara izan behar da bakegintzaz hitz egiteko foroa.
Erredakzioa
Bakartxo Tejeriak EITBko ‘Azpimarra’ saioan esan duenez, "erabaki batzuk hartzeko hautatu gaituzte, aro berri baten aurrean gaude , ETAren mehatxurik gabe".Tejeriaren hitzetan, "une kritikoetan jendeak ez zaitu barkatzen, jendeak erantzun bat nahi du, eta guk eman egin behar dugu". Halaber, krisitik irteteko garaia dela nabarmendu du.
Biktimei dagokienez, guztiak aitortu behar direla azpimarratu du, eta bakoitzari bere lekua eman behar zaila gaineratu du, hau da, "orain arte egin ez dena".Halaber, legeak betetzeko daudela adierazi du, eta "delitu gogor bat egin duenak ezin du zigorrik gabe gelditu", azaldu du. "Ezinezkoa da batzuentzat zigorrak jartzea, eta beste batzuentzat ez", azpimarratu du. Halere, "gauzak ez dira zuriak edo beltzak", esan du.
Kataluniaren egoeraren harira, Estatu espainiarrak hori lehenago konpondu zezakeela azaldu du, Estatutua onartu zutenean. "Herriari ezin zaio bizkarra erahorretan eman, herriari entzun egin behar zaio. Une haietan ez zuten jakin hori egiten", Tejeriaren ustez.
Halaber, Kataluniako prozesuak Euskadin ez ezik gainerako herrialdeetan eragina izango duela azpimarratu du.
'Presoez, biktimez eta bakeaz hitz egin behar dugu'
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakari berriak bakegintzaz hitz egin du, kargua hartu berritan. Tejeriaren iritziz, Eusko Legebiltzarrak "ETAko presoen eta biktimen gainean hitz egin beharko luke"; bakea eta normalizazioa politikoa lortzeko beharrezkoa den guztiaz.
Donostian gaur egin den Aieteko bigarren bilera ere hizpide izan du, eta horren ustez, Gasteizko Ganbara izan behar da bakegintzaz hitz egiteko foroa. Iritzi berekoa da Iñigo Urkullu lehendakarigaia ere.
PSE-EEk, PPk eta UPyDk Aieteko gaurko hitzorduari uko egin izanaz ez du adierazpenik egin nahi izan: "alderdi bakoitzak erabakitzen du non egon nahi duen". Halaber, Eusko Legebiltzarrean edozein gai jorratu daitekeela azpimarratu du, "bakearen eta elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko, eta sufrimenduarekin amaitzeko bada".
"Betiko bakea lortu nahi badugu, alde guztiek pausoak eman beharko dituzte", Legebiltzarreko presidentearen hitzetan.