Politika -

Elkarrizketa

Barrena: 'Lluchen hilketak barrenak nahasi zizkidan'

Bestalde, ezker abertzaleak eta PNSk era bateratuan UPNren alternatiba bat eratzea "posiblea eta erreala" dela uste du Pernando Barrenak.

Pernando Barrena.
Pernando Barrena.
Pernando Barrena.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ernest Lluch buruzagi sozialistaren hilketak "barrenak nahasi zizkidan, pertsonalki eta politikoki", eta "ez zen inoiz gertatu behar izan", adierazi du Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak Radio Euskadin  egindako elkarrizketa batean.

Ministro ohi eta unibertsitateko irakaslearen kontrako atentatua 2000. urteko azaroaren 21ean gertatu zen Bartzelonan. Buruzagi abertzalea bertara joango da bihar Lluchen omenez sortutako Fundazioak antolaturiko jardunaldietan parte hartzera, hilketaren urteurrenarekin bat eginez.

"Biktimak eta adiskidetzea" izeneko hitzaldia emango du eta ezker abertzalea "euskal gizarteak hainbeste nahi duen adiskidetze prozesuan parte hartzeko prest" dagoela azalduko du.

Prozesu horrek "biktimen izenpean ezagutzen ditugun errealitate ezberdinetara hurbiltzea" dakarrela esan du.

'Ezker abertzaleak eta PSNk alternatiba eratzea posiblea da'

Ezker abertzaleak eta PNSk era bateratuan, eta beste alderdi batzuekin batera, Geroa Bairekin edota Izquierda-Ezkerrarekin, UPNren alternatiba bat eratzea "posiblea eta erreala" dela uste du Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileak.

Hala ere, horretarako, "ekimen horretan parte hartzeko kultura politiko ezberdinen eskuragarritasuna zein den" ikusi beharko dela esan du.

Horren hitzetan, "eskuinaren alternatiba eratzeko beste alderdi batzuk ere deitu ditugu", Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra esaterako, baina "helburu hori bilatu nahi duen beste edozein ekimen ere" babestuko dutela gaineratu du.

"Nafarroan horrelako akordioak nahi dituen gizarte errealitate bat dagoela pentsatzen dugu; azken 30 urteetako UPNren eta UPN-PSNren aroarekin amaitu nahi duena".

Bere iritziz, PSNk bide horretan joateko gogoa badu, "ongietorria" izango da eta "azken 30 urteetan eman duen bide ezberdin batean aurrerapausoak emango lituzke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea