Politika -

Ganberaren osaera

Honela kontatu dizugu Eusko Legebiltzarra osatzeko saioa

12:12. Bukatu da saioa, abian da X. legegintzaldia Eusko Legebiltzarrean.

Legebiltzarrak X. legegintzaldia abiatuko du gaur. EFE
Legebiltzarrak X. legegintzaldia abiatuko du gaur. EFE
Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko presidente berria

01:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12:12. Bukatu da saioa, abian da X. legegintzaldia Eusko Legebiltzarrean.

12:10. Ganberako presidenteak hilaren 27rako deitu du Bateraezintasunen Batzordea.

12:07. Tejeria: "Legegintzaldi honetan elkarbizitza eta bakea eraikitzeko oinarriak ezarri behar ditugu".

12:04. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente berriak ETAk hildako Gregorio Ordoñez eta Fernando Buesa eta GALek hildako Santi Brouard legebiltzarkideak gogora ekarri ditu, bere lehen hitzaldian.

11:58. Anton Damborenea (PP) eta Iñigo Iturrate (EAJ) hautatu dituzte lehen eta bigarren idazkari.

11:47. Eguneko azken bozketa, legebiltzarkideak lehen eta bigarren idazkariak hautatzen ari dira.

11:43. Ez da ezustekorik izan: Juanjo Agirrezabala (EH Bildu) eta Blanca Roncal (PSE-EE) izendatu dituzte lehen eta bigarren presidenteorde. Alderdikideen babesa baino ez dute jaso; gainerakoek zuriz bozkatu dute.

11:39. Bakartxo Tejeriaren bozketan jazotako bi boto baliogabeen arrazoia: bi legebiltzarkidek Juanjo Agirrezabalaren (EH Bildu) alde bozkatu dute, hautagai ez bazen ere.

11:35. Legebiltzarkideek bozkatzen jarraitzen dute; oraingoan, lehen eta bigarren presidenteordeak hautatzeko.

11:33. Gasteizko Ganberako presidente den hirugarren emakumezkoa da, Izaskun Bilbaoren (EAJ) eta Arantza Quirogaren (PP) ostean.

11:30. Bakartxo Tejeria EAJren hautagaia izendatu dute Eusko Legebiltzarreko presidente, bigarren bozketan, gehiengo arruntaz. Alderdi jeltzalearen 27 legebiltzarkideek baino ez dute bozkatu horren alde. Bi boto baliogabe izan dira, eta 46 zuri.

11:13. Lehen bozketan, Bakartxo Tejeria EAJren hautagaiak ez du gehiengo osoa izan (aldeko 27 boto, eta 48 zuri), eta, beraz, ez du lortu Ganberako presidente izateko adina babes. Berriz bozkatuko dute.

11:06. Bukatu da bozketa; Adineko Mahaia botoak zenbatzen ari da.

11:02. Beste bitxikeri bat, bozketak iraun bitartean: legebiltzarkideen artean 11 zinegotzi eta hiriburuko alkate bat daude. Azken hori Javier Maroto (PP), Gasteizko alkatea, da.

10:56. Legebiltzarkideak Ganberako presidentea nor izango den bozkatzen ari dira jada.

10:49. Isabel Celaa Adineko Mahaiko presidenteak "barkamena" eskatu du, hitzaldi hasieran GALek hildako Santi Brouard Herri Batasuneko (HB) legebiltzarkide zena ez aipatzeagatik.

10:48. Legebiltzarkideek bozketa elektroniko sistema berria estreinatuko dute X. legegintzaldi honetan.

10:45. Ganberak kolore berria dauka, hormetako kolore berdea aldatu, eta hondar kolorea eman diete, argitasun handiagoa emateko.

10:43. Legebiltzar berriaren bitxikeri batzuk: Legebiltzarkide beteranoena Joseba Egibar (EAJ) da. Zazpi legegintzaldi daramatza, 1990. urtetik.

10:35. Hainbat gonbidatu saioa Legebiltzarretik ikusten, besteak beste Juan Jose Ibarretxe lehendakaria; Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia; Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria eta Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea.

10:29. Adineko Mahaiko presidenteak, Isabel Celaa sozialistak, ETA gabeko lehen legegintzaldia dela txalotu du, eta erakunde terroristak hildako Fernando Buesa eta Gregorio Ordoñez legebiltzarkideak gogora ekarri ditu. EH Bildu, haserre, ez baitu GALek hildako Santi Brouard aipatu.

10:27. EH Bilduk Adineko Mahaian dituen ordezkariek, Diana Urreak eta Igor Lopez Muniainek, Gazaren aldeko eta etxegabetzeen aurkako kamisetak dituzte.

10:26. Adineko Mahaia dagoeneko osatu dute; saioa zuzenduko du behin betiko Mahaia osatu arte.

10:23. Diana Urrea EH Bilduko legebiltzarkideak Gazaren aldeko kamiseta bat darama.

10:16. Diputazio Iraunkorreko kideak Legebiltzarra osatzeko araudia irakurtzen ari dira.

10:11. 75 legebiltzarkideak euren eserlekuetan daude dagoeneko.

10:06. Legebiltzarkide hautetsiak banan-banan esertzen ari dira eserlekuetan; karguaz jabetzeko modua da.

10:04. Arantza Quiroga Diputazio Iraunkorreko presidenteak hasiera eman dio saioari.

09:58. Iñigo Urkullu hurrengo lehendakariaren inbestidura saioan abenduaren 14an egingo dute seguru aski. Epe arazoak egongo balira, hurrengo astean egingo lukete.

09:48. Gaurko saioan, Bakartxo Tejeria jeltzalea izendatuko dute Ganberako presidente.

09:45. Hamabost minuturen buruan hasiko da Eusko Legebiltzar berria osatzeko saioa, urriaren 21eko hauteskundeen ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea