Politika -
Ponentzia
Presoek eratze prozesuaren 'parte' izan behar dutela dio Sortuk
Eztabaidarako ponentzia presoei bidali die Sortuk "herrietako biltzarretan era zuzenean parte hartu ezingo dutenen parte-hartzea bermatzeko".
Erredakzioa
Sortu ezker abertzalearen alderdi berriak eratze prozesuaren eztabaidarako ponentzia helarazi die presoei, "euren ekarpenak" egin ahal izateko, presoak "eratze prozesuaren parte izan behar direlako".
Auzitegi Konstituzionalak ekainean legeztatu zuen Sortu eta azaroaren 7an euren ponentzia argitaratu zuten. Bertan, "Europan kokatuko den Euskal Estatua lortzeko bidean, erdibideko helmugak" bilatu beharko direla diote; "lau herrialdeko autonomi estatutu bat Hego Euskal Herrian (Nafarroako berezitasuna aitortu beharko du), eta Ipar Euskal Herria instituzionalizatzea".
Otsailaren 23an biltzar konstituziogilea egingo dute eta ohar baten bitartez, ponentzia presoei ere helarazi dietela iragarri dute, "herrietako biltzarretan era zuzenean parte hartu ezingo dutenen parte hartzea bermatzeko".
Sorturen helburua presoek ponentzia aztertu eta bere ekarpenak egin ahal izatea da, "askapen prozesuaren eta antolakunde berriaren eratze prozesuaren parte" izan behar direla iritzita.
Alderdiak prozesuan parte hartzeko deia egin die "bere burua ezkertiar eta independentistatzat duten lagun guztiei; Euskal Herrian independentzia eta sozialismoa eraiki nahi duten guztiei". Ponentzian, "Estatuekin, akordioen bitartez, edo aldebakartasunetik" etorkizuna erabakitzeko euskal estatu propio bat eratzearen alde egiten du Sortuk.