Politika -
Urtarrilaren 12an izango da
Herrirak Bilboko manifestazioa aurkeztu du
Martxaren leloa "Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" izango da.
Erredakzioa
Herrira plataformak urtarrilaren 12an Bilbon ETAko eta ezker abertzaleko presoen alde egitekoa den manifestazioa aurkeztu du gaur goizean. "Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira" izango da leloa.
Martxaren adierazpena Beñat Zarrabeitia Herrirako bozeramaileak, Esther Compains sendagileak eta Eba Ferreira Athletic Clubeko jokalari ohiak aurkeztu dute, Bilbon eskainitako prentsaurreko batean.
Zarrabeitiaren esanetan, "hainbat urtetako sufrimenduaren ondoren", bakea errotzeko bidea ireki da: "Euskal Herriko eragileen arteko akordioek, ETAren su-etenak eta nazioartearen laguntzak bidea ireki dute euskal gatazka konpontzeko".
Manifestazioaren adierazpenean, Herrirak presoak eta iheslariak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta presoen giza eskubideak errespetatzea eskatu die Frantziako eta Espainiako gobernuei.
Halaber, Compainsek martxarekin bat egiteko deia egin die euskal herritarrei: "Bilboko kaleak betetzen saiatuko gara, giza-olatua Madrilera eta Parisera hel dadin, konponbidearen alde dauden milaka euskal herritarren ahotsak entzunarazteko".