Politika -
ETAren amaiera
Barne ministroa: 'ETArekin negoziatu gabe amaitzeko, legea nahikoa da'
"ETAren azken kidea aurkitu eta atxilotu arte", erne jarraituko dutela ohartarazi du Barne ministroak.
Erredakzioa
ETAren amaieran "inoiz ez da negoziaziorik ezta zigorgabetasunik egongo", Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak berretsi duenez eta Gobernuari "ETArekin negoziatu gabe amaitzeko, legearekin nahikoa" zaiola gaineratu du.
Granadako Unibertsitatean, "ETAren amaieraren kudeaketa" izeneko hitzaldian, "ETAren amaiera irabazleen eta galtzaileen, hiltzaileen eta biktimen eta terroristen eta mehatxatuen arteko historia" dela esan du. Ildo honetan, Gobernuak "ez du inoiz ETArekin negoziatuko, ezta egingo ere", azpimarratu du.
"Ergel batek soilik pentsa dezake ETAren azken orrialdea zigorgabetasunarekin idatziko dela", esan du. Halaber, "ETAren azken kidea eta kolaboratzailea aurkitu eta atxilotu arte" Segurtasun Indarrak eta Justizia erne egongo direla esan du.
Ministroaren iritziz, ETAren amaieraren historia "garaipen baten historia da: pistolen eta odolez bustitako muturreko ideologien aurrean, legearen eta demokraziaren garaipenarena".
Hori da, Fernandez Diazen ustez, ETAren amaiera kudeatzeko lehen oinarria. Bigarrena, "gertatutakoaren egiazko kontakizuna" dela aipatu du, eta "ETAk urtez urte eragindako minaren bertsio faltsurik" ez duela onartuko azpimarratu du.
Hirugarren oinarria, "terrorismoaren biktimekiko etengabeko aitormen eta esker ona" da, "euren sakrifizioa alferrikakoa izan ez dela ziurtatzeko".
Zuzenbide Estatua ETArekin amaitzeko "nahikoa" eta "bizia" dela nabarmendu du, eta, horren erakusgarri, 2012an, Espainian zein gainerako estatuetan, ETAko 31 kide atxilotu dituztela adierazi du.
Frantziak ETArekin amaitzeko erakutsi duen lankidetza "nekaezina" eta inplikazioa eskertu eta nabarmendu ere egin ditu Barne ministroak bere hitzaldian.
Ministroaren hitzetan, espainiarrek ez dute onartuko legeari "iseka berriak" egitea, eta, horretarako, segurtasun indarrek Sortu legeztatzeko Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren mugak apurtu ditzaketen ekitaldien "jarraipen puntuala" mantendu dutela azaldu du.