Politika -

Baionako manifestazioa

Herrirak erakundeen inplikazioa eskatu du presoen auzia konpontzeko

Euskal presoen eskubideen aldeko plataformak uste du 'urrats garrantzitsu berri bat' emango dutela larunbatean 'euskal preso politikoak eskubide guztien jabe izan daitezen'.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email
Herrira Baionan manifestazioan "Giza eskubide guztien jabe, euskal presoak Euskal Herrira"

Ane Zelaia eta Nagore Garcia bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute Bilbon, datorren larunbatean, 15:30ean, Euskaldunen Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko azken deia egiteko.

Horien esanetan, Baionako manifestazioa "urrats garrantzitsua izango da euskal preso politikoak eskubide guztien jabe izan daitezen", eta ekitaldiak "babes zabala jaso du Euskal Herri osoan", gaineratu du.

Bertan adierazi dutenez, erakundeen inplikazioa behar-beharrezkoa da "giza eskubideak bermatzeko", eta, horren harira, "Eusko Legebiltzar berriak etorkizunean jokatu behar duen papera" azpimarratu dute. Hori horrela, "euskal presoen auziari irtenbidea emateko jarrera positiboa izatea" eskatu die legebiltzarkide berriei.

Era berean, "euskal presoen eskubideak errespeta daitezen, herritarren inplikazioa ezinbestekoa da", azpimarratu dute. "Ekimenek presio soziala egingo dute, eta ziur gaude herritarren ekimena giltzarri izango dela euskal presoak euskal herriratzeko erronkan".

Herrirak jakinarazi duenez, larunbateko manifestazioa deialdiak jende andanaren babesa jaso du, alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile eta erakundeetako ordezkariena, besteak beste. “Pixkanaka-pixkanaka, euskal presoen eskubideen aldeko aldarria babes zabalagoa eskuratzen ari da”, baina “kartzeletako egoerak eta Espainiako zein Frantziako Gobernuen jarrerak oraindik nahikoa ez dela erakusten dute”.

Baionako gotzainak manifestazioarekin bat egin du

Bakearen eta ETAko presoen alde larunbaterako Baionan deitu duten manifestazioa bultzatzeko kristau talde batek sinatutako adierazpenarekin bat egin du Marc Aillet Baionako gotzainak.

''Gara'' egunkariak jasotzen duen informazioaren arabera, 70 bat lagunek sinatu dute "Euskal Herrian bakea lortzearen alde'' izeneko dokumentua, tartean gotzainak. Atxik Berrituz kristau taldeak eman zuen dokumentua jakitera, eta, horrekin bat egin dute, besteak beste, Jacques Gaillot gotzainak, Jean Haristschelhar euskaltzainak, Xipri Arbelbide kazetariak, Monique Larran-Lange Baionako zinegotziak eta Peio Ospita kantariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea