Politika -
Elkarrizketa
Euskadiko PP: 'Ezkontza homosexualen gaineko epaia txalotu dugu'
Oyarzabalek bere poztasuna adierazi du Auzitegi Konstituzionalaren epaia dela eta, izan ere, haren hitzetan, segurtasun juridikoa eta ziurtasuna ematen die ezkondu nahi duten sexu bereko bikoteei.
Erredakzioa
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak Auzitegi Konstituzionalak ezkontza homosexualen harira emandako epaiaz hitz egin du: “Euskadiko PPk Auzitegi Konstituzionalaren epaia txalotu du, poztasunez hartu dugu”.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Iñaki Oyarzabalek adierazi duenez, epaiak “segurtasun juridikoa eta ziurtasuna” ematen die ezkontzea erabaki zuten edo etorkizunean ezkondu nahi duten sexu bereko bikoteei. Euskadiko Alderdi Popularrak “ez ditu inoiz ezbaian jarri sexu bereko ezkontzak, ez dira inoiz arriskuan egon, zalantzak ezkontza hitzaren gainean zeuden”. Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ondotik, “PPren Gobernuaren asmoa legea dagoen bezala mantentzea da”, gaineratu du.
Otsailean egindako kongresuan Euskadiko Alderdi Popularrak gay eta lesbianen eskubideak babesteko eta diskriminazioaren aurka borroka egiteko konpromisoa hartu zuen.
Memoriaren Eguna ere hizpide izan du Iñaki Oyarzabalek gaur goizeko elkarrizketan. Biktimen aldeko Memoriaren Eguna azaroaren 10ean ospatuko da, terrorismoaren biktimak gogoratzeko eta horiei omenaldia egiteko. Hala ere, ospakizun horrek desadostasunak eragin ditu alderdi politikoen artean.
Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak eta beste hainbat erakundek ekitaldiak antolatu dituzte. Eusko Legebiltzarrak antolatutako ekitaldiaren harira, eztabaida piztu da, izan ere, PSE-EE, Aralar eta EA alderdiek euren haserrea adierazi die Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteari, omenaldiaren formatua eurekin adostu ez duelako.
Iñaki Oyarzabal triste hitz egin du alderdi politikoen arteko batasun eza dela eta, izan ere, haren hitzetan, “erraza da elkarturik lore-eskaintza bat egitea, eta etorkizunari begiratzea”.
Bestalde, EAJk Eusko Jaurlaritza osatzeko laster hasiko duen bigarren bilera-sortaren harira, “jarrera argitzeko” eskatu dio Oyarzabalek EAJri: “EAJ aukeratu egin behar du, ezin du alderdi bakoitzarekin nahi duena adostu”.