Politika -
Bruselara bisita
Artur Mas: 'Kataluniarrek Europar Batasunekoak izateko eskubidea dute'
Generalitateko presidentearen esanetan, "Katalunia, Espainia ez bezala, zerga ordaintzaile garbia da Europar Batasunean".
Erredakzioa
Artur Mas Generalitateko presidenteak Bruselan egin dituen adierazpenen arabera, kataluniarrek “Europar Batasuneko hiritarrak izateko eskubidea dute”.
“Katalunia, Espainia ez bezala, zerga-ordaintzaile garbia da Europar Batasunean”, Artur Masen esanetan.
Kataluniako hauteskundeetako kanpaina hasi baino bi egun lehenago, Bruselara joan da, bere proiektu soberanista “Bruselan azaltzera”, aurrez, Kataluniako Parlamentuan eta Madrilen egin zuen bezala.
Balizko Katalunia independenteak Europar Batasunean izango lukeen lekuaz ere hitz egin du Artur Masek: “Europako itunek ez dute esaten Kataluniak Europar Batasunean jarraituko lukeen edo ez, baina kontrakorik ere ez dute esaten”.
“Europar Batasunak demokrazia bultzatzea eta herritarrek erabakitakoa errespetatzea espero dugu”, gaineratu du Masek. Hala ere, ez du konfiantza handirik erakutsi: “Bruselak ez ditu babak heltzetik aterako, baina bultza ditzala oinarrizko balio demokratikoak Europar Batasunean”.
Espainia independentziaren gaineko erreferendumaren kontra jartzen bada, Europari Katalunia babesteko eskatuko diola esan du Masek. Halaber, Europa federalaren alde agertu da; izan ere, gaur egungo egiturarekin “erabakiak herrialde bakoitzean hartzen dira, ez Bruselan”.