Politika -
Bake prozesua
ETAko iheslariak Justiziaren esku utzi nahi ditu Barne Ministerioak
Jorge Fernandez Diaz ministroak erantzun horixe eman dio ETAko iheslariek, asteburuan, Iparraldean, egindako eskakizunari.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan du ihes egin zuten ETAko kideek, Justiziarekin zorrik ez badute, etxera itzultzeko aukera dutela "Espainiako herritar orok bezalaxe".
"Ez dago inolako egitasmorik haien itzulerarako. Hala ere, itzulera era ordenatuan izateko lanean dihardugu, Justiziarekin zorren bat dutenek epaileen aurrean erantzun dezaten, eta auzirik ez dutenek, herritar espainiar guztien moduan, arazorik gabe itzultzeko aukera izan dezaten", gaineratu du ministroak.
Ministroak erantzun horixe eman die ETAko iheslariei. Izan ere, ETAko iheslarien Kolektiboak bere egoera legeztatzeko borondate irmoa agertu zuen asteburuan, Iparraldean emandako prentsaurreko batean.