Politika -

Bakegintza

Lokarri: 'Currinen taldearen finantziazioa argia eta garbia da'

Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak ohar bat argitaratu du, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen finantziazioa azaltzeko eta Currinek jasotako diru-kopuruaren inguruko informazioei erantzuteko.

Paul Rios (Lokarri). Argazkia: EITB.
Paul Rios (Lokarri). Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak ohar bat argitaratu du bere blogean, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen finantziazioa azaltzeko eta Brian Currin abokatuak jasotako diru-kopuruaren inguruko informazioei erantzuteko.

Oharrean, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen finantziazioa “argia eta garbia” dela adierazi du. “Indarkeriaren eta ezberdintasun politikoen arazo larri bat konpontzeko herritarren inplikazioa behar izan dugu. Crowfunding hutsa”, adierazi du.

Lokarriren jarduerari buruz “gezurrak eta irainak” erabiltzen ditueztenek euren iritzia ez dutela aldatuko azpimarratu du Paul Riosek. Hala ere, agiria argitaratzea erabaki du, “zurrumurruei eta espekulazioei erantzuteko helburuarekin”.

“Harremanetarako Nazioarteko Taldeak eginiko lana ona izan dela adierazten dute gezur eta irain horiek. Gero eta lorpen gehiago izan, irainak handiagoak dira”, azpimarratu du.

Nazioarteko eta tokiko hainbat elkarte eta pertsonek babesa eman diete Harremanetarak Nazioarteko Taldearen lanari, Paul Riosek gogoratu duenez. “Tokiko babes horrek egitasmoari zilegitasuna eman dio”.

Brian Currini buruz, abokatua “bere lanaren bitartez” bizi behar dela adierazi du. “Denbora eta ordu asko ematen ditu bake prozesuari laguntzen. Doan egin zezakeen, baina orduan beste jardueretan denbora gehiago eman beharko luke, ekonomikoki mantendu ahal izateko”.

Lokarrik bere dirua “nahi dituen gaietan” erabiltzea defendatu du Riosek. 2010ean Brian Currinen lana babestea erabaki zutela gogoratu du, eta, azpimarratu duenez, hurrengo urtean erabaki bera hartu zuten Harremanetarako Nazioarteko Taldearen lanarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea