Politika -

Aurore Martin atxilotu dute

Jarrera aldatzeko eskatu dio ezker abertzaleak Frantziako Gobernuari

Maribi Ugarteburuk atxilotzeari uzteko eta elkarrizketaren eta bakearen aldeko hautua egiteko eskatu dio François Hollanderen Gobernuari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkariak bakearen eta elkarrizketaren aldeko hautua egiteko eta atxilotzeari uzteko eskatu dio Frantziako Gobernuari, ostiral honetan, Baionan.

Ezker abertzaleko bost ordezkarik prentsaurrekoa eskaini dute Baionan, eta Aurore Martin Ipar Euskal Herriko Batasuneko buruzagiaren atxiloketa, eta baldintzarik gabe kartzelara bidaltzea salatu dute.

Manuel Valls Frantziako Barne ministroa "PPrekin lerrokatu da", adierazi du Maribi Ugarteburuk kazetarien aurrean. "Frantziako Gobernuak bere jarrera aldatu beharko luke, eta elkarrizketaren eta bakearen aldeko hautua egin. Ondorioz, ez lituzke gisa horretako neurri gehiago hartu beharko", gaineratu du.

Aurore Martin espainiaratzeak alderdiaren barruan sortu duen sentimendua adierazteko, "amorrua" eta "ustekabea" hitzak erabili ditu, Anita Lopepe Iparraldeko Batasuneko bozeramaileak (Espainian legez kanpoko alderdia da, baina Frantzian ez). "Aurore Martin bizitza publikoa egiten ari zen, eta hura ez atxilotzeko isileko akordioa zegoela uste genuen", alderdiko bozeramaileak jakinarazi duenez. "Harrituta nago albo batera utzita zeudela uste nuen prozedurak aktibatu dituelako Manuel Vallsek", gaineratu du.

"Gatazka honetan zapaltzeko erabili diren tresnak albo batera utzi behar dira, normalizazio politikoa eta demokratikoa oinarri izango duen garai berri bati hasiera emateko", Anita Lopeperen iritziz.

Xabi Larralde Baionako Batasuneko bozeramailearen iritziz, atxiloketak "Euskal Herriko egungo egoera politikoa gaiztotu eta bake-prozesuaren martxa oztopatu dezake". Halaber, Aurore Martin atxilotu eta espainiaratzeak "Frantziako Alderdi Sozialistaren jarrera aldaketa eskatzen du Frantziako Gobernuan", haren iritziz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea