Politika -

Mobilizazioen aurkezpena

'Gobernuen inmobilismoaren aurrean' bakea defenditu du Herrirak

Urtarrilaren 12an Bilbon presoen alde egingo den manifestazioaren aurretik, ekimen kultural bat aurkeztu dute Bilbon.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrira mugimenduak “bakea eta giza eskubideak” defenditu ditu Espainiako eta Frantziako Gobernuen “inmobilismoaren aurrean”, eta gatazkaren konponbidea lortzeko ezinbestekotzat jo du ETAko presoak Euskal Herrira mugitzea.

Amaia Esnal Herrira mugimenduko bozeramaileak hainbat ekimen kultural aurkeztu ditu “Herrira Noa” lemapean, Bilboko Kafe Antzokian. Urtarrilaren 12an presoen giza eskubideen alde eta kartzela-politika aldatzeko eskatzeko egingo den manifestazioaren atarikoa izango da ekimen kultural hori.

Historiako hitzordutzat jo duten mobilizazio hori arrakastatsua izan dadin, Herrira mugimenduak euskal gizarteko hainbat lagunen laguntza izan du; Joseba Sarrionandiak olerki batekin lagundu nahi izan du, esaterako.

“Herrira Noa” ekimeneko ekitaldiak Euskal Herriko lau tokitan izango dira: Gernikako Jai Alai frontoian azaroaren 18an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan abenduaren 2an, Villabonako Gurea zinema-aretoan abenduaren 23an, eta Berriozarko Mendialdea ikastetxean urtarrilaren 6an, Bilboko manifestazioa baino astebete lehenago.

Urtarrilaren 12ko manifestazioaren aurkezpena azaroaren 13an izango da, Bilbon. Ekitaldi horretan euskal gizarteko hainbat kidek manifestazioa “bultzatzeko eta bozeramaile gisa jarduteko” konpromisoa hartuko dute. Halaber, martxaren leloa eta deialdi honetarako bereziki sortutako manifestua aurkeztuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea