Politika -

Zerga politika

PSE-EEk Bildu babestuko du Gipuzkoan, aberatsenei zerga ezartzeko

Rafaela Romero Alderdi PSE-EEko kideak Bilduren proposamena babestuko dutela adierazi du. Hala ere, zuzenketak aurkeztuko dituztela aitortu du, hainbat kontu aldatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilduk Gipuzkoan ezarri nahi duen Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga (AFHZ) aurrera aterako da Batzar Nagusietan; izan ere, PSE-EEk zerga ezartzea babestuko duela aitortu du Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako Alderdi Sozialistaren bozeramaileak.

Helena Franco Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatuak zerga berria ezartzeko foru araua aurkeztu du Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean. Horrela 44,64 milioi euro biltzea aurreikusten du Diputazioak, 2011. urtean Ondarearen gaineko Zergarekin bildutakoa baino 8,7 milioi euro gehiago.

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergan ere beheko muga 700.000 euro izango da, eta, gainera, 300.000 euroko zerga-salbuespena izango da ohiko etxebizitzagatik. Zerga berri horrek ondasunak eta jarduera ekonomikoei loturiko eskubideak ere hartuko ditu bere baitan, orain arte ez bezala. Gainera, “babes fiskala” desagertu egingo da. Ordaindu beharreko gehienezko kopurua zehazten zuen horrek, Ondarearen gaineko Zergan esaterako.

Zerga berria Diputatuen Kontseiluan onartu zuten, urriaren 16an, eta orain Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu beharko dute. Bilduk Alderdi Sozialistaren babesa izango du zerga ezartzeko, Rafaela Romero sozialistak aurreratu duenez.

Alderdi Sozialistak Bilduren proposamena babestuko badu ere, hainbat zuzenketa proposamen aurkeztuko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea