Politika -
PSOEren zuzendaritza bilera
Lopez: 'PSOEk badu lidergoa eta liskarrak alde batera utzi behar dira'
PSOEren zuzendaritza bilera joan aurretik, Patxi Lopezek PSOEk lidergoa duela ziurtatu du Alfredo Perez Rubalcaba idazkari orokorrari aipamen eginez.
Erredakzioa
Patxi Lopezek esfortzuak herritarren arazoei irtenbideak ematean jartzeko eskatu die lankide sozialistei eta barne gatazkak alde batera uzteko eskatu du. Halaber, PSOEk lidergoa duela ziurtatu du Alfredo Perez Rubalcaba aipatuz.
PSOEren zuzendaritza bilerara joan aurretik hitz egin du Lopezek, izan ere, bertan, urriaren 21eko Galiziako eta EAEko hauteskundeen emaitzak aztertuko dituzte.
Hauteskundeetako emaitzen ostean Rubalcabaren lidergoa zalantzan jarri dutenen inguruan galdetuta, "ekin behar zaionari ekin behar diogu" azpimarratu du. Bestalde, Kataluniako sozialistek programan sartu duten erabakitzeko eskubideaz ere mintzatu da. Rubalcaba aurka azaldu da dagoeneko eta PSOEk herrialde eredu propioa defendatu behar duela esan du Lopezek, "nazionalistek aldarrikatzen duten independentziaren eta eskuinaren zentralismoaren aurkakoa".
Ildo honetan, autogobernuaren alde egin du "erkidegoetako gobernuentzat egunerokoa erabakitzeko tresna delako". "Bide zabala da hori eta ezberdinek topo egin dezakegu bertan, gainera, herrialdearen berezitasuna eta aniztasuna irudikatzen du", ondorioztatu du.