Politika -
U-21
Rubalcabak PSOEren zuzendaritzaren 'babes osoa' sentitu du
Sozialistek proiektua erreformatu behar dutela esan du eta hausnarketa ideologiko sakon bat eskatu du.
Erredakzioa
Idazkari orokor gisa zuzendaritzaren "babes osoa" sentitu duela esan du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren buruzagiak eta Sevillako biltzarrean agindutako bidean jarraitzeko asmoa azaldu du.
Ferraz kaleko egoitzan prentsaurrekoa eman du zuzendaritza taldearekin izandako bileraren ostean. Bertan, Galiziako eta EAEko hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte.
"Idazkari orokor gisa babesa jaso dut, baita zuzendaritzak duen bidean ere", azpimarratu du. Halaber, sozialistek proiektua erreformatu behar dutela esan du eta hausnarketa ideologiko sakon bat eskatu du, "lehenbailehen egin behar dugu krisiaren gordintasuna dela eta", ondorioztatu du.
Rubalcabak azaldu duenez, zuzendaritzako inork ez dio primarioak azkartzeko eskatu eta hemendik aurrera PSOEk egingo duena hiru esalditan laburbildu du: "Baliagarriagoak izateko sendotasuna, jendeak krisiaren beste irtenbide bat dagoela ikusteko alternatibak eta pertsonetatik hurbil egoteko enpatia".
Erabakitzeko eskubidea
Bestalde, Kataluniako Alderdi Sozialistak "galdeketa legal baten bidez" kataluniarren erabakitzeko eskubidea errespetatzearen alde egin du bere hauteskunde programan, baina Alfredo Perez Rubalcaba kontra agertu da.
"Ez dut erabakitzeko eskubidearen formula babesten eta, beraz, PSCren programaren zati bat ez dut konpartitzen", azpimarratu du buruzagi sozialistak.