Politika -
Zigorra
Otegiri bisitak galarazi dizkiote BECeko hitzaldiarengatik
Logroñoko espetxeko zuzendaritzak zigorra jarri dio BECen EH Bilduren ekitaldian egindako adierazpenengatik.
Erredakzioa
Logroñoko espetxeak bisitak galarazi dizkio Arnaldo Otegiri bertako zuzendaritzak ezarritako kautela-neurriak direla eta. Atzo, EH Bilduren ekitaldian Otegik esandako adierazpenen harira hartutako neurria da.
Otegiren Twitter kontuan jartzen duenaren arabera, "bisita, gutun eta telefono dei gabe utzi dute Arnaldo Otegi atzo BECen egin zuen interbentzioagatik". Ezker abertzaleko hainbat buruzagik ere informazioa berretsi dute euren Twitterreko kontuetan, besteak beste, Pernando Barrenak eta Maribi Ugarteburuk.
Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak esan duenaren arabera, Otegiren emaztea Logroñoko espetxera joan da bisitatzera, baina sartzea eragotzi diote, dagoeneko Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailea jakinaren gainean dagoen erabakiarekin bat eginez. Otegiren hurbileko iturrriek, ordea, bisita lagun bati galarazi diotela adierazi dute.
Angel Yustek zuzentzen duen Sailetik esan dutenez, Otegik BECen esandako hitzen ostean ezarri zaio zigorra eta komunikazioak eten dizkiote.
Ezker abertzalearen erreakzioak
Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak twitterren esan du Otegi "kartzelan bakartuz" PPk bere "ahulezia agerian" uzten duela. Barrenaren hitzetan, "gaur Arnaldu bakartu dute, 21ean guk Espainiako faxismoa bakartuko dugu hautestontzietan".
Joseba Pemachen ustez, "haurrak espaniartu, manifestariak kartzelan sartu eta Otegi bakartzen duen estatuak ahulezia baino ez du agertzen".
Halaber, Maribi Ugarteburu EH Bilduko hautagaiak ere twitter erabili du bere mezua zabaltzeko: "Otegi hitz egiteagatik bakarrik zigortu dute", esan du. "Bakearen alde lan egiteagatik hiru urte eman ditu kartzelan. Zuen bidegabekeriak zuen inpotentzia erakusten du", gaineratu du.