2025eko aurrekontuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jaurlaritzaren aurrekontuei PPk, Sumarrek eta Voxek aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidagai Legebiltzarrean

Ezusterik ezean, atzera botako dituzte denak. Etzi, zuzenketa partzialen txanda izango da, eta ingurumari horretan, zabalik dute oraindik negoziazioa EH Bilduk eta Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE).
investidura-pleno inbestidura osoko bilkura parlamento-legebiltzarra
Eusko Legebiltzarra, artxiboko argazki batean. Argazkia: @PVasco_EuskoL

09:30etik, Eusko Legebiltzarrak eztabaidagai ditu PPk eta Talde Mistoan sartuta dauden bi alderdiek, Sumarrek eta Voxek, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak. eitb.eus zuzenean ematen ari da Legebiltzarreko eztabaida.

Ezusterik ezean, atzera botako dituzte hirurak, eta aurrekontuak izapidetzen jarraituko du Ganberak, hurrengo fasea abiatuta: alegia, zuzenketa partzialen eztabaida. Ostegunerako dago aurreikusita horren gaineko bilkura.

Horri dagokionez, zabalik dute oraindik EH Bilduk eta jeltzale eta sozialistek kontuei buruzko negoziazioa, eta badirudi azken unera arte hartu-emanetan jarraituko dutela. Testuinguru horretan, Araban, koalizio abertzaleak babesa emango die jeltzaleei eta sozialistei, aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Joan den ostegunean proposamen berri bat egin zion Jaurlaritzak koalizio subiranistari. Bi aldeek aitortu dutenez, desadostasunak dituzte etxebizitzaren eta  

lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokienez.

Atzo egindako adierazpenetan, Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak adierazi zuen bere koalizioak etxebizitza politika "interbentzionista" defendatzen duela, "paradigma aldaketa erabatekoarekin". Gainera, adierazi zuen aurrekontuen gaineko balizko itun batek 2025ean lanbide arteko gutxieneko soldata "propio" bat eskuratzeko bidea zabalduko lukeela. 

Imanol Pradales lehendakaria zuhurrago agertu zen. EAEko sistema publikoaren jasangarritasuna babestearen alde azaldu bazen ere, batzuek defendatzen duten "interbentzionismo erabatekoa" baztertu zuen. Gogorarazi zuenez, "baliabideak finituak dira. Ez dago denerako. Lehentasunak ezarri eta arrautzak zein saskitan jarri nahi ditugun erabaki behar dugu, ongizatea helburu".

Eusko Legebiltzarrean bilkura dagoela eta, Jaurlaritzak biharko utzi du asteartero egin ohi duen gobernu bilera.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuan ere aurrekontuen inguruko eztabaida dute gaur. Kasu honetan, aurrekontuen proiektuari zein zerga neurriei aurkeztutako zuzenketa partzialak izango dituzte mahai gainean. Nafarroan ere 09:30ean hasi dute bilkura. 

Albiste gehiago politika

ubarretxena torres
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Eskualdatzeko dauden eskumenak ixteko 10 proposamen zehatz"aurkeztu dizkio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak hamar dokumentu eman dizkio gaur  Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministroari, eskualdetzeke dauden transferentzien inguruan "euskal proposamenak zehazten dituztenak".  "Ez dugu pribilegiorik eskatzen, errespetu instituzionala baizik eta legea betetzea", esan du Ubarretxenak. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Sanchezek "eskua luzatuta" duela esan du, eta elkarrizketaz eta autogobernuaz mintzatu da EAEko osasungintza hobetzeko, EAJren kexen aurrean

Maribel Vaquero EAJren bozeramaileak Kongresuan gogorarazi duenez, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurrerantzean ez du parte hartuko Lurraldearteko Osasun Kontseiluaren bileretan, "Osasun sistemaren premiak arintzeko proposamenekin" joan baita, eta Ministerioak "argudio sinesgarririk gabe atzera bota" baititu. Pedro Sanchez presidenteak erantzun dio Gobernua "oso kontziente" dela osasungintzak dituen beharrizanez. "Badakigu asko dagoela egiteko, eta, jakina, ez dago zalantzarik erronka horiek onbideratzeko irtenbideak aurkitzeko lanean jarraituko dugula", azpimarratu du.

Gehiago kargatu