Politika -
Irailaren 25eko protestak
Epaileak Poliziarekin haserre, atxilotuekin izandako jarreragatik
Santiago Pedraz epaileak ez du oraindik atxilotuen inguruko komunikazio ofizialik jaso, nahiz eta gaur bertan Auzitegi Nazionalean deklaratu behar duten.
Erredakzioa
Espainiako Barne Ministerioak eta Poliziak irailaren 25ean Madrilen atxilotutako 35 pertsonekin izandako jarrera kritikatu du gaur Auzitegi Nazionalak.
Iturri juridikoen arabera, Santiago Pedraz epaileak ez du oraindik atxilotuen inguruko komunikazio ofizialik jaso, nahiz eta gaur bertan Auzitegi Nazionalean deklaratu behar duten. Komunikazio hori ez jasotzeak deklarazioa atzeratuko luke, iturri horien arabera.
Epaileak 24 ordu lehenago jaso behar du Poliziaren komunikazioa.
Atxilotuen aldekoek ere nahasmena izan dute gaur goizean. 10:00etatik egon dira epaitegien aurrean, atxilotuei babesa emateko zain.
Guztira 35 atxilotu
Kongresua inguratzeko deiaren harira iragan irailaren 25ean Madrilen izandako istiluetan atxilotutako 34 lagunek Auzitegi Nazionalaren aurrean deklaratuko dute, izan ere, Estatuko erakundeen kontrako erasoa leporatzen diete, eta auzi horiek Auzitegi Nazionalak ebazten ditu.
Aipatu istiluetan atxilotuetako beste bat adingabea da, eta horrek Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratuko du.Estatuko erakundeen kontrako erasoaz gain, ordena publikoaren kontrako delituak eta kalteak eta zaurituak eragitea leporatzen diete 35 atxilotuei.
Ziurrenik Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratuko dute, hura izan baitzen Kongresua inguratzeko deia egin zuten zortzi lagun auzipetu zituena.
Atzo, protesta gehiago izan ziren Madrilgo Neptuno Plazan, eta beste hiru pertsona atxilotu zituzten.