Politika -
Greba orokorra: I-26
Sabino Cuadra Amaiurreko kideak Poliziak kolpatu egin duela salatu du
Amaiurreko diputatuak adierazi duenez, bi aldiz kolpatu du Espainiako Poliziak Iruñeko El Corte Ingles inguruan izan diren istiluetan.
Sabino Cuadra Amaiurreko Nafarroako diputatuak salatu duenez, Espainiako Poliziak bi aldiz kolpatu du, irailaren 26ko greba orokorraren ondorioz Iruñeko El Corte Ingles inguruan izan diren istiluetan.
Kongresuko identifikazio txartela uneoro eskuan zuela adierazi du Cuadrak, baina agenteek begiratu ere ez dutela egin nabarmendu du. Gertakariaren ondoren, agente baten eta Polizia arduradun baten identifikazio zenbakiak eskatu dituela esan du: "nire abokatuarekin hitz egin dut eta epaitegietara jo edo ez aztertuko dugu", esan du.
Iruñeko autobus geltokian izan da gertakaria; Cuadraren lankide bat atxilotzear ari zirela eta Amaiurreko diputatua polizia batengana hurbildu da. Orduan, diputatua dela esan dio eta poliziak borraz jo du, Cuadraren arabera. "Diputatua naizela argitzen duen dokumentazioa erakutsi diot eta identifikatzeko eskatu diot; ezetz esan dit eta bultzatu nau".
Azkenean, korrika alde egin du. Polizia batek jipoitu duen lankide bat laguntzera joan naiz gero, eta, une horretan, beste polizia bat etorri eta bi aldiz jo dit bizkarrean eta hanka batean", adierazi du.
Irailaren 26ko greba orokorra "modu baketsuan eta ordenatuan" jazotzen ari dela eta istilu bakarrak Poliziak sortu dituela adierazi du Sabino Cuadrak: "Polizia gogor eta inolako zigorrik jaso gabe ari da", nabarmendu du.
Informazio osagarria: Greba egunaren argazkiak.