Politika -
Bilera Moncloan
Artur Mas: 'Itun fiskalaren inguruko negoziazioa txarto joan da'
Madrilen egin duten bilera bukatuta, Generalitateko presidenteak esan du itun fiskalaren inguruko negoziazioa "txarto" joan dela.
Erredakzioa
Artur Masek aurkeztutako proposamenak “aztertuko dituela” esan du gaur Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, baina itun fiskalaren inguruko elkarrizketa “txarto” joan dela adierazi du Generalitateko presidenteak.
Artur Mas eta Mariano Rajoy bi orduz batzartu dira gaur goizean Moncloan. Bileraren ondorengo agerraldian, Masek esan du datozen egunetan Kataluniak “hausnarketa garrantzitsua” egin beharko duela. Hauteskundeak aurreratzearen inguruan galdetuta, aukera hori aztertu egingo dutela azpimarratu du.
Kataluniarekin itun fiskal bat negoziatzeko “aukerarik” ez dagoela erantzun dio Rajoyk Artur Masi. Horren harian, Kataluniako presidenteak esan du bilera ez dela ondo joan. “Ez gaur ez bihar ez lau hilabete barru, ez dago itun hori negoziatzeko aukerarik”, berretsi dio Rajoyk.
Datorren urtean finantziazio eredua negoziatzeko aukera eman dio Rajoyk Artur Masi, baina honek ezetz erantzun dio.
Bilera horren ostean, Masek ez ditu bere Gobernuaren hurrengo pausoak argitu. Datorren astean “hausnarketa sakona” egingo dutela eta Politika Orokorreko saioan erabakiren bat aurreratuko dutela nabarmendu du.