Politika -
Diadaren oihartzuna
Amaitu da Rajoyren eta Masen arteko bilera, bi orduren ostean
Artur Masek Generalitatearen Madrilgo egoitzan eskainiko du prentsaurrekoa.
Erredakzioa
Artur Mas eta Mariano Rajoy Kataluniako eta Espainiako gobernuetako presidenteak bi orduz batzartu dira gaur goizean Moncloako Jauregian. Bilera horretan, Masek itun fiskala proposatu dio Rajoyri.
Orain, Masek Generalitateak Madrilen duen ordezkaritzan eskainiko du prentsaurrekoan, eta ez Moncloan bertan, bi buruzagien arteko tirabiren erakusle.
Batzarra Kataluniako hauteskundeen balizko aurrerapenaren itzalean egin dute. Izan ere, lurralde horretan independentzia aldarriak areagotzen eta indartzen ari diren honetan, baliteke Masek hauteskundeak azarorako edo abendurako deitzea gaurko bilerak porrot egingo balu (legegintzaldia 2014an bukatuko da).
Gaurko bilerari begira, bi agintariek argi utzi zituzten euren jarrerak: Masen esanetan, Kataluniak "bide propioa" egingo du, "gertatzen dena gertatzen dela ere"; baina, Rajoyren esanetan, kataluniarren asmoek Konstituzioa izango dute muga.
Jarrerak urrun daude, baina Masek itun fiskala ez dela arazoa esan dio Rajoyri. Are gehiago, Katalunia Espainian ondo egokitzeko "konponbidea" dela argudiatu du. Halaber, proposamena “arduraz eta aurreiritzirik gabe” entzutea eskatu dio.
CiUtik azaldu dutenez, Masek ez du baztertu hauteskundeak aurreratzea gaurko bilerak porrot egiten badu. Hurrengo astean, Kataluniako Parlamentuak politika orokorreko eztabaida egingo du, eta baliteke orduan egitea Masek iragarpena. CiUtik baztertu egin dute gaur iragartzea.